Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2025/01/22

Hondakinen gaikako bilketari buruzko informazio kanpaina berria aurkeztu du Pasaiak

Datozen hiru hilabeteetan “Etorkizuna birziklatzen” ekimena garatuko da lau barrutietan

Teo Alberro Bilbao Pasaiako alkateak eta Iraitz Pazos Lapido Ingurumeneko eta Zerbitzuetako zinegotziak “Etorkizuna birziklatzen” kanpaina aurkeztu dute. Prentsaurrekoan parte hartu dute, halaber, Joana Auzokoa Pasaiako Udaleko Ingurumen teknikariak eta Yajaira Vazquez kanpaina garatu duen enpresako teknikariak.

Europako Hondakinen Zuzentarau Markoak eta Ekonomia Zirkularrerako Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko 7/2022 Legeak ezartzen dutenaren arabera, hondakinen birziklapenak % 55era iritsi behar du 2025. urtean, % 60ra 2030. urtean, eta % 65era 2035. urtean. Gainera, Gipuzkoako Hiri Hondakinak Kudeatzeko 2019-2030 Plan Orokorrak (GHHKPO) helburu estrategiko gisa ezarri du hori baino birziklapen-tasa handiagoa lortzea: % 70, 2030erako.

Alkateak jakinarazi du gaur gaurkoz, Pasaiako hiri-hondakinen gaikako bilketaren tasa % 48koa dela, “eta, hortaz, beharrezkoa dela jauzi bat lortzea”. Horretarako, Udalak bi ekimen garrantzitsu jarri ditu abian: alde batetik, hobekuntzak egiten ari da hondakinen bilketa-sisteman, herritarrei hondakinak jatorrian bereizten laguntzeko. Eta bestetik, eguneratu egin du etxeko eta merkataritzako hondakinen udal-ordenantza (2024ko urriaren 16an argitaratua). Ordenantza egungo legediari egokitzen zaio, eta sisteman egingo diren hobekuntzak jasotzen dira bertan. Herritarrei berrikuntza horien guztien berri emateko, etxez etxeko informazio-kanpaina bat jarriko da abian.

Hala mintzatu da Alberro: “Hau ez da soilik ingurumenari dagokion auzia; ekonomia ere kontuan hartu behar dugu. Zenbat eta gutxiago birziklatu, orduan eta handiagoa izango da hondakinen kudeaketa gastua. Horrek udal-tasen igoera dakar, eta hori ekidin nahi dugu. Eta sinetsita gaude Pasaian lor dezakegula. Beraz, herritarren parte-hartzea funtsezkoa da, bai gure osasuna eta ingurunea zaintzeko, bai ekonomikoki arduratsuak izateko ere”.

Parte-hartze aktiboa galdegin du azkenik eledunak: “Eskerrak eman nahi dizkiet dagoeneko hondakinak behar bezala bereizten dituzten herritarrei. Baina guztion inplikazioa behar dugu. Keinu txikiekin, eguneroko ohiturak hobetuz, asko lor dezakegu”.

Kanpainaren xehetasunak

Pazosek  ‘Etorkizuna birziklatzen’ ekimenari buruzko azalpenak eman ditu jarraian: “Hainbat hobekuntza egingo ditugu hiri-hondakinen bilketa-sisteman. Edukiontzi marroiak berrituko ditugu 2025ean, sendoagoak izan daitezen. Horrez gain, hiri-garbigune berriak jarriko ditugu martxan barruti guztietan otsailetik aurrera, etxeetako hondakin bereziak jasotzeko”. Garbigune horietako bat erakutsi dute prentsaurrekoan. “Horrela, herritarrek edozein momentutan utzi ahal izango dituzte etxeko hondakin bereziak sei puntu ezberdinetan, orain arteko furgoneta ibiltariaren zain egon behar izan gabe, eta gaur egungo Garbigunera mugitu behar izan gabe”.

Horrez gain, hondakinen gaikako bilketa hobetzeko beste pauso bat emango du Udalak: modu progresiboan, edukiontzi grisak ere giltza bidez irekitzeko sistema ezarriko da. “Prozesuari aurten ekingo diogu”, zehaztu du zinegotziak, “baina era progresiboan helduko gara helburu horretara”.  Edukiontzi marroiak orain arte bezala mantenduko dira, hots, txartel bidez ireki beharko dira. Informazio-kanpainan etxez etxe banatuko zaizkie txartelak horiek behar dituztenei.

Txartel horiek, ordea, behin-behinekoak izango dira. Sistema berria martxan jartzen denean, txartel berriak banatuko zaizkie pasaitarrei, eta horiek balioko dute bi edukiontziak, marroiak nahiz grisak, ireki ahal izateko. “Txartelen sistema ez da kapritxoa. Legeak dio hondakinen sorreraren araberako tasa bat ezarri behar dugula, eta hori kontabilizatzeko modua dira txartel horiek. Horrez gain, legeak ezartzen du tasa hori ezin dela defizitarioa izan; alegia, tasak nahikoa izan behar duela hondakin-bilketak dakartzan gastu guztiak estaltzeko, langileen soldatetatik hasi, eta sarrailen aldaketa edo edukiontzien mantentze-lanetara arte. Beraz, zenbat eta gehiago eta hobeto birziklatu, orduan eta behar eta gastu gutxiago izango ditu Pasaiak, eta tasak ere errealitate horretara egokitu ahal izango dira”.

Kanpainaren faseak

‘Etorkizuna birziklatzen’ kanpainak hamar asteko iraupena izango du eta hurrengo fasetan banatuko da:

Lehenengo fasea: aurre-girotzea (urtarrilak 22-29).

  • Aurkezpena eta zabalpena komunikabideetan, Udalaren webgunean… 
  • Informazio kartelak atarietan eta herrian.
  • Olanak udal-eraikinetan.

Bigarren fasea: informazio eta baliabideen banaketa (urtarrilak 27-martxoak 28)

  • Ingurumen-hezitzaileen bisitak etxebizitzetara eta merkataritza-establezimenduetara.
  • Informazio puntu finkoak eta mugikorrak.

Hirugarren fasea: ezarpena (2025. urtean hasita, progresiboki)

  • Hiri-garbiguneak martxan jartzea (otsailaren bigarren hamabostaldian). 
  • Txartel elektroniko berrien banaketa.
  • Errefusaren edukiontzi grisa ixtea.

Informazioa eta harremanetarako bideak