Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2025/05/06
Portuko lehendakari berriarekin lehen hartu-emana izan dute inguruko herrietako alkateek
Hiri-portu batzordea osatzea, konpentsazio ekonomikoak eta euskara izan dituzte hizpide

Maiatzaren 5ean Pasaiako Portu Agintaritzako Lehendakari berria den Izaskun Goñirekin lehen hartu-emana izan dute portu inguruko herrietako alkateek: Pasaiako alkate Teo Alberrok, Errenteriako alkate Aizpea Otaegik, eta Lezoko alkate Mikel Arrutik. Bileran parte hartu zuten, halaber, Eusko Jaurlaritzako Industria Garatzeko eta Administratzeko zuzendari Jose Luis Azkuek eta Pasaiako Portu Agintaritzako zuzendari David Candelariok.
Bileraren balorazio positiboa egin du Alberrok: “Gure herritarrentzako funtsezkoak diren eta euren egunerokoan zuzeneko eragina duten gaiak jarri genituen mahai gainean, eta lehendakari berriak prestutasuna agertu zuen horiei heltzeko”. Hain zuzen, alkateek azpimarratu zuten halako gaiak partekatu eta lantzeko foro bat egituratzearen beharra: “Hiri-portu batzordea osatzeko beharra plazaratu genion Goñiri. Mahai hori funtsezkoa da inguruko bizilagunengan zuzeneko eragina duten proiektu eta jardueren inguruan eztabaidatu eta horiei aterabideak adosteko, eta lehendakari berriak prestutasuna agertu zuen foro hori aktibatzeko. Izan ere, ezin dugu ahaztu portua herrian dagoela, eta bertako edozein jarduerak zuzeneko eragina duela bertako bizilagunengan”.
Jorratutako beste gaietako bat euskararen erabilerarena izan zen: “Portuko Administrazio Kontseiluetan parte hartzen dugunotako asko euskaldunak gara, eta ezin da gehiago atzeratu bertan euskaraz aritzeko baliabideen ezarpena. Lehendakariak konpromisoa hartu zuen aukera ezberdinak aztertzeko”.
Horrez gain, PPAk inguruko herriei egiten dien ekarpen ekonomiko eskasari heltzeko unea iritsi dela ere plazaratu zuten ordezkariek. “Badakigu portu jarduera bat izateagatiko konpentsazioa Gipuzkoako Foru Aldundiari dagokiola ematea, baina portuak tokian-tokiko garapenean izan beharko lukeen ekarpenaz aritzeko alde bien arteko elkarlana funtsezkoa da”. Bizilagunen aldetik portuko soinu, kutsadura eta bestelako afekzioei buruzko kexak askotan jasotzen dituztela aitortu du Pasaiako alkateak: “Badiako herritarroi zuzenean eragiten digu azpiegitura honek, eta sinetsita gaude horrek konpentsazio bat izan behar duela eragindako herrietan”.
Gai horiek eta beste batzuk, hain zuzen, banakako bilera batean landuko dituzte Pasaiako alkateak eta lehendakari berriak. “Dagoeneko itxi dugu hitzordua hilabete honetarako, eta orduan aukera izango dugu luze eta zabal hitz egiteko Pasaiari zuzenean eta espezifikoki eragiten dioten gaien inguruan, eta bereziki Trintxerperi buruz”, amaitu du alkateak: mugikortasunaz, Udalak herrirako proiektatuta dituen etorkizuneko proiektuez... “Garrantzitsua da udalak eta portuak harreman zuzen eta iraunkorra izatea bizilagunen mesedetan, eta lehendakariaren borondatea horren aldekoa dela iruditu zitzaigun; beraz, elkarlanerako prest”.