Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2022/01/05

Pasaiako alkatea eta garraio sailburua topoa lurperatzeko lanak aztertzeko bilduko dira urtarrilaren 11n

Udalak jendaurreko informazio-prozesu bat zabalduko du, Antxoko bizilagunei obren xehetasunen berri emate aldera

Izaskun Gomez Pasaiako alkatea Iñaki Arriola garraio sailburuarekin bilduko da datorren urtarrilaren 11n, Altza eta Galtzaraborda arteko trenbide-saihesbidearen obren hainbat alderdi aztertzeko. Obra horietan, besteak beste, Antxon lurpeko geltoki berri bat eraikiko da Gure Zumardia plazaren azpian. Bilera horretan obren garapen-plana errepasatuko dute. Obrak 2022eko lehen hiruhilekoan hasiko dira, eta herritarrei informazio-prozesu batean emango zaie horien berri.

Topaketa horretan, besteak beste, barrutia zeharkatzen duen zubibideaz eta hori eraisteko epeez arituko dira. Egungo trenbidea zubibide horretatik doa, eta trenbidearen trazadura berria egiteko obrak amaitzen direnean, zubibide hori eraitsi egingo da. Izaskun Gómezek garraio sailburuari adieraziko dio zubibidea ahalik eta epe laburrenean eraitsi behar dela, Antxoko barrutia banatzen duen barrera fisiko batekin amaitzeko, barrera horrek eragin handia baitu bizilagunen bizi-kalitatean: “funtsezko alderdia da Antxoren hiri-berroneratzerako, eta konfiantza dut Arriola sailburuak hori konpontzeko sentiberatasuna izango duelakoan”.

Halaber, Pasaiako alkateak aditzera eman du urtarrilean informazio-prozesu bat zabalduko dela, Eusko Trenbide Sareko teknikariek antxotarrei obren inguruko xehetasun guztiak emateko, zalantzak argitzeko eta izan daitezkeen iradokizunak jasotzeko. Trenbide-saihesbide berria abian jartzen denean, Pasaiako erabiltzaileek 7,5 minutuko maiztasuna izango dute Donostiako erdigunera joateko.