Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2024/02/07

Alberro alkateak eta Garraioen eta Mugikortasun Iraunkorraren Estatu idazkariak bilera egin dute

Otsailaren 5ean

Alberrok Santano Estatuko idazkariari eta Rodriguez da Pena Estatuko Portuetako presidenteari eskatu die bultzatzeko eta azkartzeko erabiltzen ez diren portu-espazioak Pasaiako Udalari lagatzeko tramiteak.

Joan den astelehenean, otsailaren 5ean, Teo Alberro Pasaiako alkateak bilera izan du Jose Antonio Santano Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren Estatuko idazkariarekin, Denis Itxaso Estatuko Gobernuaren ordezkariarekin eta Álvaro Rodríguez Dapena Estatuko Portuen presidentearekin, portu-hiri bizikidetzari zuzenean eragiten dioten hainbat gai aztertzeko. Lezo, Errenteria-Orereta eta Donostiako alkateak eta Pasaiako Portuko Agintaritzako ordezkariak ere bileran izan ziren.

Pasaiako portuan goizeko lehen orduetan egindako bileran, alkateak Estatuko ordezkariei informazioa eskatu die portuak, esparru-hitzarmen baten babespean, Pasaiako Udalaren alde egin behar duen espazioen lagapenari buruz. Besteak beste, honako eremu hauen lagapenari buruz:  Trintxerpeko Alkateordetza eta Ziriza, San Pedroko puntetako pasealekua, edo Donibaneko Bizkaia plaza eta kulturgunea. Salatu du, gainera, prozesua oso motel doala eta ezinbestekoa dela Pasaiarentzat eta pasaitarrentzat lagapen horiek lehenbailehen gauzatzea. Era berean, egoera hori lehenbailehen desblokeatzeko bultzada politikoa eskatu dio Estatuko idazkariari.

Horretaz gain, alkateak mahai gainean jarri du portuaren eta badiako udalen arteko entendimentua sustatuko duen erakunde arteko portu-hiri foroa antolatzeko beharra. Ingurune horretan eskumenak dituzten administrazioen arteko harremanak erraztuko dituen foroa, Pasaiako badiaren etorkizunaren artikulazioan erabakitzailea izango dena. Alkateak eskatu du une honetan adosten ari diren foro politikoaz gain, beharrezkoa dela foro tekniko bat sortzea, iraunkortasunerako eta ingurumena eta ingurunea bera zaintzeko politikak bermatzeko. Era berean, adierazi du Pasaiako Portu Agintaritzak Herreran garatu nahi duen proiektuaren guztiz aurka dagoela, egun Eskalerillasen dagoen sarbideen kontrola SPRIren eraikin berriaren atzealdera lekualdatzeko proiektuaren aurka, alegia. Izan ere, obra horren ondoren, Trintxerpe-San Pedroko hiri-trafikoa ezingo litzateke sekula La Herreratik desbideratu, eta horren ondorioz, auto-ilara izugarriak sortuko lirateke Euskadi etorbidean;  eta herriko jaietan ere eragina izango luke neurri horrek, ezingo bailitzake kale hori trafikoarentzako itxi.

Amaitzeko, Alberrok Estatuko ordezkariei eskatu die Antxoko tren geltokiaren etorkizuneko berrikuntza aprobetxatzeko eraikin berria eta trenbideak badiarantz mugitu ahal izateko, hartara, aukera izango litzateke gaur egun dagoen trenbide-eremuari metro batzuk kendu, Antxoko Nafarroa etorbidea zabaldu, eta bertan bulebar bat eta plaza txiki bat sortzeko.