Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2025/08/13

Irailean sartuko da indarrean Aparkatzeko Ordenantzaren bigarren fasea

Antxoko araudiaren inplementazioa hiru astez atzeratuko da

Pasaiako Udalak jakinarazi du Aparkatzeko Ordenantzaren bigarren fasearen inplementazioa, hasiera batean abuztuaren 9rako aurreikusita zegoena, irailaren 1era arte atzeratuko dela.

Bigarren faseak lehenengoan baino txartel-eskari askoz handiagoa eragin du, Antxoko barruti osoari eragiten baitio, non 2.000 herritar inguruk betetzen baitituzte txartela lortzeko baldintzak. Bolumen horrek administrazio-karga handia dakar, eta Udala ahalik eta arinen egiten ari da izapideak.

Hala ere, lehen fasea martxan jarrita eta bigarrenerako eskaeretarako hasierako epea itxi ondoren, oraindik ere txartela eskuratzeko eskubidea duten askok ez dute eskaerarik egin, eta lehen faseko egoiliarren eskaerak ere iristen jarraitzen dute. Hori dela-eta, Udalak eskaerak egiteko epea luzatzeko erabakia hartu du, ahalik eta herritar gehienek beren txartela izan dezaten araudia indarrean sartzen denerako bizi diren eremuan.

Horrekin bat, Udalak arreta emateko eta eskaerak izapidetzeko taldea langile gehiagorekin indartu du, funtzio horietarako aurrez kontratatutakoez gainera. Horri esker, lehen faseko pasaitarren txartelen banaketa bizkortuko da, eta, aldi berean, Antxoko txartelak jaulkitzeko tramitazioa arinduko da, horiek ahalik eta lasterren banatu ahal izateko bizilagunei.

Bi faseetako aurretiazko lanak amaituta daude: R eta B eremuetako bide-marrak erabat margotuta daude, eta seinale bertikal guztiak instalatuta; beraz, azpiegitura martxan jartzeko prest dago. Izan ere, lehenengo fasea normaltasunez abian da dagozkion eremuetan.

Lehenengoan egin zen bezala, bigarren faseak isunik ekarriko ez duen informazio-oharren hasierako aldi bat izango du, herritarrak kontzientziatzeko eta egokitzeko, zehapen ekonomikoak aplikatzen hasi aurretik.

Udalak eskerrak ematen dizkie herritarrei prozesu honetan laguntzeagatik eta prozesua bera ulertzeagatik. Izan ere, prozesuaren helburua da egoiliarrentzako aparkalekuaren kudeaketa hobetzea eta espazio publikoaren erabilera bidezkoagoa eta eraginkorragoa bermatzea.

    • Inplementazioari buruzko informazio gehiago: www.labur.eus/bigarren-fasea
    • Bertakoen txartelen eskaera telematikoa: www.labur.eus/bertakoen-txartelak