Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2023/12/15
Fermin Muguruzaren ‘Bidasoa 2018-2023’ filmaren proiekzioa, Juanba Berasategin
Abenduaren 22an Donibanen
Abenduaren 22an, ostirala, 19:30ean, Pasai Donibaneko Juanba Berasategi aretoan Fermin Muguruzaren Bidasoa 2018-2023 filma proiektatuko da.
Abenduaren 18an Migratzaileen Eguna da, eta egun horren inguruan antolatu diren jardueretako bat da proiekzio hori.
Filmaren aurkezpenera bertaratuko dira filmaren zuzendari eta gidoilari Fermin Muguruza eta dokumentaleko protagonistetako bat, pasaitarra dena, Janela Osa dantzaria.
Poliziaren kontrolak eta Pirinioetako eta Atlantikoko Bidasoako muga naturaleko pasabide batzuk ixteak 10 heriotza eragin zituen urtebetean. Frantziak 2018an ezarri zuen kontrol hori, Europako gainerako herrialdeetara igarotzen ari ziren etorkinak sar ez zitezen.
Dokumental honek ahotsa eta aurpegia jartzen die Bidasoa ibaiaren alde bateko eta besteko ekintzaileei; eta, horrez gain, beren bizitza galdu zutenak ere ekartzen ditu gogora, haien izena, adina, zeharkaldia eta ametsak aditzera emanez, haien historiaren berri emanez, eta hildakoen zifra hotzen atzean ezkutatzen diren pertsonak ezagutaraziz; eta, hartara, tragedia gizatiartuz.
Sarrerak doan dira, baina aldez aurretik hartu behar dira hemen.