Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2026/06/10

Pasaiak BICEren behin betiko onarpena ospatu du, badiako alkateen bultzadari esker

Teo Alberro alkatearen ustez, BICEren onarpena "urrats garrantzitsua da udalerriekiko eta badiako herritarrekiko zor historikoa kitatzen hasteko".

Gipuzkoako Batzar Nagusiek Ezaugarri Bereziko Ondasun Higiezinen gaineko Zerga (BICE) ezartzea onartu dute gaur, Pasaia, Lezo eta Errenteriako udalek eta Teo Alberro, Mikel Arruti eta Aizpea Otaegi alkateek luzaro aldarrikatutako neurria, beste lurralde batzuekiko desberdintasun historikoa zuzentzeko eta portu-jarduerak sortzen dituen eraginak erakundeen aldetik aitor daitezen.

Pasaiako alkateak pozik hartu du arau honen onarpena, horri esker, 2027tik aurrera, Pasaiako Portuak ekarpen fiskala egingo baitie egunero bere jardueraren inpaktuarekin bizi diren udalerriei. Gipuzkoa salbuespena zen orain arte; izan ere, tresna fiskal hori beste lurralde batzuetan ere aplikatzen da ezaugarri bereziko azpiegiturak dituzten udalerriak konpentsatzeko, hala nola, portuak, zentral energetikoak edo garraio-azpiegitura handiak.

Teo Alberrok adierazi duenez, "Pasaia, gaur egun, inoiz baino gertuago dago portuko jarduerak eragindako kalteengatik bidezko konpentsazio ekonomikoa jasotzetik". Era berean, nabarmendu du BICEren onarpena "urrats garrantzitsua" dela "udalerriekiko eta badiako herritarrekiko zor historikoa kitatzen hasteko, hainbat hamarkadatan azpiegitura estrategiko baten kostuak ordaindu baititu konpentsazio-mekanismo egokirik gabe".

"Bitartean, badiako bizilagunok portu-jardueraren ondorioak jasaten jarraitu dugu: zarata, hautsa, trafiko astuna eta lurzoruaren okupazio handia. Beharrezkoa zen anomalia hori zuzentzea eta bizi dugun errealitatea eremu fiskaletik ere aitortzea ", gaineratu du.

Udalak nabarmendu nahi izan du badiako alkateek azken hilabeteetan elkarrekin egindako lana, aldarrikapen hori foru-erakundeei helarazteko eta badiako udalerrientzako konpentsazio-neurri egonkorrak eskatzeko. Lan horren ondorioz, BICE errealitate bat izango da Gipuzkoan datorren ekitaldi fiskaletik aurrera.

Zentzu horretan, gogorarazi du 2025eko maiatzean Pasaia, Lezo eta Errenteriako udal ordezkariak Gipuzkoako Ogasun diputatuarekin bildu zirela zerga honen aktibazioa eskatzeko eta, bi hilabete geroago, eskaera bera egin ziotela diputatu nagusiari. Ondoren, 2025eko abenduaren 18an, Teo Alberro, Mikel Arruti eta Aizpea Otaegi batera agertu ziren Gipuzkoako Batzar Nagusietako Ogasun eta Finantza Batzordean, portuko jarduerak badiako udalerrietan dituen eraginak azaltzeko eta neurri fiskal eta ekonomiko konpentsatzaileak eskatzeko. Agerraldi hartan, BICEren ezarpena justizia fiskaleko gai gisa defendatu zuten, eta gogorarazi zuten Gipuzkoak salbuespen izaten jarraitzen zuela mekanismo hori jada indarrean zegoen beste lurralde batzuekiko.

Lan instituzional horren eta denboran zehar jarraitutako aldarrikapen baten ondorioz, BICE errealitate bat izango da Gipuzkoan datorren ekitaldi fiskaletik aurrera.

Aurrerapausoa, baina ez helburua

Hala ere, Udalak azpimarratu du aurrerapen hori ez dela azken puntua. "BICEren onarpena urrats garrantzitsua da, baina ez da helburua. Portu-jardueraren eragina jasaten dugun udalerriok baliabide gehiago behar ditugu gure herritarren beharrei behar bezala erantzuteko eta bizikidetza horrek dakartzan erronkei aurre egiteko ", adierazi du Alberrok.

Ildo horretan, Pasaiako alkateak uste du BICE abian jartzea etapa berri baten hasiera dela, non administrazioek mekanismo ekonomiko egonkorrak eta nahikoak garatzen jarraituko duten, azpiegitura handien ondoriozko kargak jasaten dituzten udalerriek ere errealitate horrekin bat datozen baliabideak izan ditzaten bermatzeko.

Era berean, Udalak berretsi du portu-eredu iraunkorrago, orekatuago eta bidezkoago baten alde lan egiten jarraitzeko konpromisoa, badiako pertsonak eta udalerrien ongizatea erabakien erdigunean jarriko dituena.

BICEren onarpena Pasaiako aldarrikapen historiko baten aitorpen instituzionala da, eta aurrerapen nabarmena da Pasaiako Portua bezalako azpiegitura estrategiko batek sortzen dituen onurak eta kargak modu bidezkoagoan banatzeko bidean.​​​​​