Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2025/08/08

Alkatearen balorazioa ETSk Antxoko biaduktua eraisteko eraikuntza-proiektua esleitu izanaren inguruan

Alkateak proiektua baikorki baloratu du, baina herritarren hitza eta Pasaiako Udalaren parte-hartzea aldarrikatu ditu

Pasaiako alkate Teo Alberrok positiboki baloratu du Euskal Trenbide Sareak (ETS) Pasai Antxoko topoaren zubibidea eraisteko proiektuaren idazketa esleitu izana. “Albiste baikorra da barrutiarentzat, indar handiz egindako herri-eskaera bati bide ematen baitio”, adierazi du Alberrok. Esleipena uztailean iragarri da, 118.992 euroko aurrekontuarekin eta sei hilabeteko egikaritze epearekin.

Proiektuaren helburua da 350 metro inguruko luzera duen biaduktuak eskaintzen duen “alternatiben azterlana” egitea eta “irtenbiderik onena zein den zehaztea”. Era berean, txosten horrek proposatuko du “gaur egun biaduktuak eta trenbidearen goi-geltokiak okupatzen duten espazioa berroneratzea”, hau da, eremu horretarako urbanizazio-mota egokiena zehaztea.

ETSren arabera, alternatiben azterlan bat egingo da, eta bertan erabakiko da ea eraispenak partziala izan behar duen, edo eraisketa osoa gauzatuko den. Horren aurrean, argi hitz egin du Alberrok: “Antxotarren nahia beti izan da biaduktu osoaren eraisketa. Oztopo fisiko hori ezin da bestelako erabileretarako mantendu. Asko jota, ibaiaren gaineko zatiari dagokionez azter litezke alternatibak, baina lurrean eraikitako egiturak, gaur egun espazio publikoa okupatzen dutenak, ezin dira inola ere mantendu. Espazio horiek herriaren bizigarritasunerako berreskuratu behar ditugu”.

Alkateak gogorarazi du proiektu honen atzean antxotar askoren nahia eta lana dagoela: “Mobilizazioak, interpelazio instituzionalak eta 1.400dik gora sinadura izan dira aldarrikapen honen oinarrian. Herritarrek argi utzi dute zer nahi duten, eta orain erakundeon ardura da horri erantzun duina ematea”.

Hori horrela, Alberrok txarretsi du Jaurlaritzak ez dituela aurreikusi herritarren parte-hartzea edo Udalaren inplikazioa, eta horrek kezka sortzen duela: “Susana Garcia Chueca sailburuari bilera eskatu genion premiaz, eta ezetsi egin zuen. Ezin dugu onartu biaduktuaren ordezko espazioen berroneratzea herritarren eta Udalaren iritzia kontuan hartu gabe planifikatzea. Uste dugu guztiz beharrezkoa dela Eusko Jaurlaritzarekin lehenbailehen bilera bat egitea, gutxieneko irizpideak partekatzeko edozein lan tekniko egiten hasi aurretik. Herritarrengandik hurbilen dagoen erakundea izanik, Udalak ezin du kanpoan geratu Pasaiaren etorkizuna baldintzatuko duten erabakietan”.

Amaitzeko, Pasaiako alkateak berretsi du bere gobernuaren konpromiso irmoa Antxoren eraldaketa integrala bultzatzeko: “Zubibidearen eraisketak aukera emango digu Antxoren erdigunea berreskuratzeko, irisgarritasuna eta kohesioa hobetzeko, eta puntu ilun anitz desagerrarazteko. Espazio publiko berriak sortzeko garaia da, antxotarren beharrei eta ametsei leku eginez”.