Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2026/09/15

Pasaiako Udalak bertso eskola jarriko du martxan Antxon eta San Pedron

LH4tik aurrerako gazteentzako eskaintza izango da

Pasaiako Udalak bertso eskola jarriko du martxan ikasturte honetan, Antxon eta San Pedron taldeak osatuta. Ekimenaren helburua da haur eta nerabeei eskolatik kanpo euskaraz aritzeko guneak eskaintzea, eta, bereziki, ahozkotasuna, sormena eta euskararen erabilera sustatzea. Pasaiako Udalak eta Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak elkarlanean antolatu dute ekimena.

“Urte hauetan guztietan argi ikusi dugu euskararen erabileran eragiteko zein garrantzitsua den haur eta nerabeek eskolatik kanpo euskaraz bizitzeko guneak sortzea eta sustatzea, batez ere ahozkotasuna lantzeko”, adierazi du Laura Ré Pasaiako Euskarako zinegotziak.

Aurkezpenean parte hartu du, halaber, Bertsozale Elkarteko kide den eta Pasaiako taldeetako irakaslea izango den Andoni Rekondok. Hark adierazi du bertso eskola aukera aproposa dela gazteek euskaraz aritzeko erraztasuna eta konfiantza irabaz dezaten, eta hizkuntza modu natural, atsegin eta ludikoan erabiltzeko aukera izan dezaten.

Asteroko saioetan, gazteek doinuak, errimak, pasadizoak, hiztegia, erritmoa eta ahozkotasuna landuko dituzte, betiere jolasaren, musikaren, inprobisazioaren eta talde-lanaren bidez.

LH4tik gorako ikasleei zuzendua

Pasaiako bertso eskolan LH4tik gorako ikasleek parte hartu ahal izango dute, DBHko ikasleak barne. Ez da beharrezkoa bertsogintzari buruzko aurretiko ezagutzarik izatea: ikasteko eta ondo pasatzeko gogoa besterik ez da behar.

Saioak astean behin izango dira, ordubetekoak, eta zerbitzua doakoa izango da.

Bi talde osatuko dira:

  • Pasai Antxo: ostegunetan, 17:00etatik 18:00etara.
  • Pasai San Pedro: ostiraletan, 16:00etatik 17:00etara.

Asteroko saioez gain, ikasturtean zehar aisialdiko hainbat jarduera ere egingo dira, hala nola bertso udalekuak, egun-pasak, Gelatik Plazara ekimena, asteburu-pasak edota meriendak.

Izen-ematea

Pasaiako bertso eskolan izena emateko epea zabalik da jada.  Interesa dutenek, galdetegia bete beharko dute. Inskribatzeko azken eguna urriaren 2a izango da.