Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2024/10/29

Garajea dutenei ere bertakoen txartela eskatzeko aukera emango die Udalak

Txartel-kopurua ere malgutu dute, eta muga bizikidetza-unitatean oinarrituta ezarriko da, eta ez norbanako bakoitzeko.

Pasaiako Udalak iragarri du garajea duten bizilagunei ere emango diela bertakoen txartela, aparkatzeko ordenantza berria prestatu eta aurkezteko prozesuan pasaitarrek azaldutako kezkei erantzunez.

Araudi horren diseinuak hainbat fase izan ditu. Lehen etapa batean prozesu parte-hartzaile bat ireki zen, eta herritarrak gonbidatu ziren ordenantzaren lehen zirriborroaren gainean euren iradokizunak eta proposamenak egitera. 300 pasaitar baino gehiagoren ekarpenak jaso ondoren, eta azterketa tekniko eta politikoa egin ostean, aparkalekuen ordenantza berrian egingarritzat jotako iradokizunak txertatu ziren.

Ondoren, araudi hori Pasaiako lau barrutietan aurkeztu zen, bilkura publikoen bidez, eta Udalak nabarmendu du bizilagunen parte-hartzea handia izan zela, 300 pertsona inguru bertaratu baitziren horietara. Teo Alberro Bilbao alkateak eskerrak eman dizkie herritarrei bilera horietan parte hartzeagatik.

Topaketa horietan gehien aipatu den gaietako bat da garajeen jabeek nahiz garajea errentan dutenek zuten kezka, izan ere, jatorrizko ordenantzan ezartzen zen garajea zutenei ez zitzaiela bertakoen txartela emango. Udalaren hasierako proposamenak aparkaleku-sistema murriztaileagoa ezarri nahi zuen, egunero aparkatzeko zailtasunak dituzten pertsonei irtenbide sendoa emateko, batez ere lanetik itzultzean. Hala ere, herritarren kezkak entzun ondoren, Udal Gobernuak hasierako planteamendua aldatzea erabaki du.

Hala azaldu du alkateak: "Pasaitarren proposamenak entzun ondoren, sistemaren ikuspegia aldatzea erabaki dugu. Araudi murriztaile bat aplikatu eta ondoren zabaltzen joan beharrean, sistema irekiago batekin hasiko gara, bertakoen txartela emanez baita garajea alokairuan edo jabetzan dutenei ere; betiere, ezarritako baldintzak betetzen badituzte". Hala ere, alkateak azpimarratu du etorkizunean alderdi hori murrizteko aukera aurreikusten dela, "egungo neurriak ez badira nahikoak barruti jakin batzuetan aparkatzeko arazoak arintzeko".

Udalak onartu du aparkalekuaren arazoak ez diela berdin eragiten lau barrutiei. Batzuetan, aparkatzeko tokirik ez izatea zailtasun orokorra eta ia egunerokoa da; beste batzuetan, berriz, arazoa puntualagoa da (baina ez horregatik garrantzi gutxiagokoa), eta turisten edo bisitarien presentziarekin larriagotzen da. Alde horiek gorabehera, eta bizilagunen eskaerei erantzunez, erabaki da garajeen jabeei ere bertakoen txartela eskuratzeko aukera ematea hasieratik, eta, horrela, "probaldi” bat hastea, ordenantza berriaren eraginkortasuna ebaluatzeko.

Txartelak, bizikidetza-unitate bakoitzeko

Azken bileren ondoren Udal Gobernuak ordenantzaren testuan beste aldaketa bat egin du, txartel-kopuruaren mugarekin zerikusia duena.

Hasiera batean, pertsona batek bertakoen txartel bakarra izateko irizpidea ezarri zen, nahiz eta bere izenean ibilgailu bat baino gehiago izan erregistratuta. Baina Udalak neurri hori malgutzea erabaki du, eta, beraz, norbanako batek bi ibilgailu badauzka bere izenean, bigarren txartela ere eskuratu ahal izango du, baldin eta bizikidetza-unitateko beste kide baten gidabaimena aurkezten badu.

Hala, txartel kopurua bizikidetza-unitate bakoitzeko mugatuko da, eta ez norbanako bakoitzeko. Pertsona bakarreko etxeetan txartel baterako aukera egongo da. Bi eta lau pertsona artekoetan, gehienez bi txartel eduki ahal izango dira. Eta bost kideetatik gorako bizikidetza-unitateetan, bertakoen hiru txartel egingo dira gehienez (betiere, eskatzen diren txartel bezainbeste gidabaimen aurkezten badira).

Udalaren helburua aparkaleku-sistema ekitatiboagoa bermatzea da, Pasaiako herritarren benetako beharren arabera doitu daitekeena. Ildo horretan, arduradunek azpimarratu dute 2025a proba-urtea izango dela, eta, besteak beste, ez dela kobratuko sistemaren mantentzea, eta litekeena dela neurrietan eta espazioen definizioan doikuntzak egin behar izatea. "Ildo horretan, herritarrei dei egin nahi diegu modu aktibo eta eraikitzailean parte har dezaten egokitzapen-aldi honetan. Neurriak ez dira betiko eta ez dira atzeraezinak; hau ordenantza bizia da, eta gertatzen diren errealitateetara moldatzen joango da. Oraingoz, garrantzitsuena egin dugu: gure egunerokotasuna baldintzatzen duen arazo honi aurre egiteko pasaitarrekin lanean hasi, konponbide bat diseinatu, eta beste alde batera begiratu gabe arazoari aurre egin", amaitu du alkateak.