Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2025/03/04
Hainbat berrikuntza-lan egin dira Andonaegiko futbol-zelaian
Inguruko hesiak hobetu, markagailu elektronikoa jarri eta jokalarien eserlekuak berritu dira
2024ko udan Andonaegiko futbol-zelaiko belarra berritzeari ekin zion udalak. Egoera kaskarrean zegoen belar artifiziala erabat berritu zen eta, gainera, Europatik iritsiko diren ingurumen-betebehar berriei aurre hartuta, kautxua kortxoarekin ordeztu zen.
Berrikuntza horiek nahikoa ez, eta beste hainbat inbertsio egin dira instalazioen egoera optimoa izan dadin.
“Horretarako, azken hilabeteetan jokalarien aulkiak ordeztu dira eta markagailu elektroniko berria instalatu da, erabiltzaileen eskaerei erantzun asmoz” adierazi du Julen Rodríguezek, Kirol zinegotziak. Bi jarduera horietarako 5.285,90 €-ko inbertsioa egin da guztira.
Gainera, perimetroa babesteko eta baloiak Donostia kalera irtetea saihesteko sare berri bat instalatu da azken egunotan; eta datozen asteetan, hondatuta dagoen sare metaliko perimetrala ere konponduko da. Jarduerekin amaitzeko, zelaiko hormigoizko hormak txukuntzeari ekingo zaio.
Lan horiek burutzeko 22.831,67 eurotik gora inbertituko ditu Obra eta Zerbitzu Sailak.