Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2022/11/24

Bi lan saritu dira Pasaiako I. Tokiko Beldur Barik lehiaketan

1. kategorian “Pasaiako herritik dator notizia...” eta 2. kategorian “Besteen eskuetan”

Azaroaren 23an egin da Pasaiako I. Beldur Barik lehiaketako sari banaketa eta bi lan saritu dira bertan. Itziar Saenz de Ojer Clown-a izan dugu horretarako bidelagun. 1. kategoriako lanen artean (12-14 urte) Xuban Sousak eskuratu du saria “Pasaiako herritik dator notizia...” lanarekin. Bertan, indarkeria matxistaren aurkako aldarria egin du, eguneroko jokamoldeetatik abiatuta, eta indarkeria testuinguruan jarri eta hainbat faktore ere identifikatuz. 2.kategorian (15-17 urte) Kuadrillategiko Maddi Santos, Irati Garcia, Nora Muños, Iraia Lopez, Uxue Tellado, Irune Salaberria, Onintza Chapartegui, Peru Cristobal eta Eneritz Biurrun izan dira lehen postua eskuratu dutenak “Besteen eskuetan” lanari esker. Bertan, beraien adineko neska baten egunerokoa kontatuz, sare sozialetan jasandako hainbat egoera matxista ikusarazi dituzte (kontrola, irudiaren gaineko epaila, harremanak...) . 3. kategorian (18-20 urte) ez da lanik aurkeztu.

Lau lan aurkeztu dira guztira lehiaketara, bina lan 1. eta 2. kategorietan, eta, guztira, 15 gaztek hartu dute parte. Loreto Osa Gizarte Ekintza eta Berdintasun zinegotziak eskerrak eman nahi izan dizkie, Pasaiako I. Beldur Barik lehiaketan parte hartu duten gazte guztiei: “Benetan lan politak egin dituzue eta ezin eskertuago gaude lehenengo lehiaketa honetan parte hartzeko erakutsi duzuen borondate eta gogoagatik”.

Parte-hartzaile guztiei diplomak banatu zaizkie, eta irabazleek, 200 euroko saria jaso dute, LaurakBat elkarteko dendetan gastatzeko.

Bukatzeko, Loreto Osa Gizarte Ekintza eta Berdintasun zinegotziak, emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko egunaren atarian, azpimarratu nahi izan du haur, gazte zein helduen eginbeharra dela indarkeria matxistaren aurrean Beldur Barik jarrera erakustea eta indarkeria matxistarik gabeko Pasaia bat eraikitzen jarraitzea: “Mila esker berriro ere egiteko horretan bidelagun izateagatik”.

1. KATEGORIA:

1. Pasaiako herritik dator notizia... 
Egileak: Xuban Sousa

2. Azken juizioa
Egileak: Aitor Lopez Gabilondo, Lara Estevez Pujana, Iria Fernandez Paisal eta Maria Saraiva Lopez. (Karmengo Ama ikastetxea)

2. KATEGORIA: 

1. Besteen eskuetan
Egileak: Maddi Santos, Irati Garcia, Nora Muños, Iraia Lopez, Uxue Tellado, Irune Salaberria, Onintza Chapartegui, Peru Cristobal eta Eneritz Biurrun.

2. Gogoratu
Egileak: Ioar Alonso Erauskin