Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2022/10/26
Pasaiako I. Beldur Barik lehiaketaren sari-banaketa
Azaroaren 23an Antxon
Aurten lehen aldiz BELDUR BARIK-eko tokiko lehiaketa antolatuko da Pasaian. EAE mailako Beldur Barik lehiaketak 13 edizio daramatza dagoeneko gazteen artean Beldur Barik jarrera sustatzen. Bada, Pasaian ere gazteen artean beldur barik jarrera zabaltzearren, lehen aldiz antolatuko da lehiaketa hori, eta sari-banaketa azaroaren 23an izango da Antxoko Kultur Etxean, 17:30ean.
Hiru kategoriatan banatzen da lehiaketa: 12 eta 14 urte artekoak, 15 eta 17 urte artekoak, eta, azkenik, 18 eta 20 urte artekoak. Kategoria bakoitzean irabazle bat egongo da, eta irabazleek 200 euroko bonua irabaziko dute, Laurak bat elkartearen dendetan gastatzeko.
Lehiaketaren xedea da emakumeek jasaten dituzten bereizkeria-egoerei aurre egiten dieten neska-mutilen adierazpenak aintzat hartzea, balioestea eta bultzatzea. Lehiaketara aurkezten dituzten ikus-entzunezko lanek errespetuan, berdintasunean, askatasunean, autonomian, erantzukizunean eta indarkeria sexistaren gaitzespen irmoan oinarritutako jokabide eta jarreren adierazgarri izan behar dute.
Edozein adierazpen artistikori lotutako lanak aurkez daitezke lehiaketara, baldin eta ikus- entzuneko euskarrian aurkezten badira: flashmobak, errezitatutako poemak edota kameraren aurrean irakurritako hausnarketa-testuak, bideoklipak, argazkiak, fotomuntaketak, fotonobelak, lipdubak, dantzak, film laburrak, animaziozko proiektuak, proiektuen edota artelanen aurkezpenak, performanceak, herritarren esku-hartzeak... Lan guztiak lehiaketa nagusira aurkeztu beharko dira, eta Pasaiatik aurkezten diren lanak herri mailako lehiaketan ere hartuko dute parte.