Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2022/10/03
Pasaiako I. Beldur Barik lehiaketa antolatuko da aurten
Lanak aurkezteko epea azaroaren 11 arte
Aurten lehen aldiz Beldur Barik-eko tokiko lehiaketa antolatuko da Pasaian. EAE mailako Beldur Barik lehiaketak 13 edizio daramatza dagoeneko gazteen artean Beldur Barik jarrera sustatzen. Bada, Pasaian ere gazteen artean beldur barik jarrera zabaltzearren, lehen aldiz antolatuko da lehiaketa hori.
Lehiaketaren xedea da emakumeek jasaten dituzten bereizkeria-egoerei aurre egiten dieten neska-mutilen adierazpenak aintzat hartzea, balioestea eta bultzatzea. Lehiaketara aurkezten dituzten ikus-entzunezko lanek errespetuan, berdintasunean, askatasunean, autonomian, erantzukizunean eta indarkeria sexistaren gaitzespen irmoan oinarritutako jokabide eta jarreren adierazgarri izan behar dute.
Edozein adierazpen artistikori lotutako lanak aurkeztu daitezke lehiaketara, baldin eta ikus entzuneko euskarrian aurkezten bada: flashmob, errezitatutako poemak edota kameraren aurrean irakurritako hausnarketa-testuak, bideoklipak, argazkiak, fotomuntaketa, fotonobelak, lipdub, dantzak, film laburrak, animaziozko proiektuak, proiektuen edota artelanen aurkezpenak, performanceak, herritarren esku-hartzeak... Lan guztiak lehiaketa nagusira aurkeztu beharko dira, eta Pasaiatik aurkezten diren lanak herri mailako lehiaketan ere hartuko dute parte.
Nortzuk har dezakete parte?
12 eta 20 urte arteko gazteek.
- 1. kategoria: 2010 eta 2008 urteen artean jaioak (12-14 urte)
- 2. kategoria: 2007 eta 2005 urteen artean jaioak (15-17 urte)
- 3. kategoria: 2004 eta 2002 urteen artean jaioak (18-20 urte)
Epeak
- Lanak aurkezteko epea azaroaren 11n bukatuko da eta Beldur Barik-en webgunearen bitartez egin behar da.
Sari-banaketa
- Pasaiako Beldur Barik lehiaketako sari-banaketa azaroaren 23an izango da.