Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2020/07/22

Haurrek erabakitako Basoa jolas-parkea sortu dute Donibanen

Prozesuari amaiera emateko, giro ederrean burutu zen Donibaneko jolas-eremua eraldatzeko familiekin antolatutako auzolana. 

Pasaiako Udaleko zerbitzuetako langile eta udal-teknikari, guraso eta haurren artean burutu genuen, uztailaren 16an. Haurren irudimenari bide ematen dion Basoa sortzeko proiektu honetan, Hogan etxola, indioen tipia, hari-eskailerak, egurrezko elementuak eta sokak ipini genituen. Halaber, haurren jolas eremua dela aldarrikatzeko eta txakur kakarik onartzen ez dela adierazteko kartelak jarri genituen. Jolas-eremu batzuk egiteke geratu dira, baina hurrengo egunetan jarriko dira, hala nola: lur-azpiko tunela, ping-pong mahaia eta txirrista.

Donibaneko Basoa berritu dugu, Pasaiako Udalaren, guraso eta haurren artean auzolanean.

Donibaneko parkea eraberritzeko parte-hartze prozesua 2019ko azaroan abiatu zuten haur eta nerabeek, Haur eta Nerabeen Eskubideen Sailak bultzatuta. Haurrek parte-hartze organoan proposatu zuten Donibaneko jolas-eremua berritzea, eta haien interesetik abiatuta, prozesuan aukera izan dute JJ Otaegi plazaren eta frontoiaren arteko eremuan zer-nolako parkea nahi zuten erabakitzeko. Azaroan abiatu zen parte-hartze prozesua eta, guztira, 6 hilabeteko iraupena izan du. Apirilerako amaitzea zen asmoa, eta udarako parkea erabilgarri egotea. Haur eta nerabeekin egindako parte-hartze prozesua hiru fase ezberdinetan garatu da: diagnostikoa, diseinua eta sorkuntza bateratua. Lehendabizi, haurrekin nola jolasten duten hausnartzeaz gain, eremuaren azterketa egin da. Ondoren, jolas-eremurako zein jolas-mota, jolas-elementu eta behar zituzten aztertu da. Azkenik, haurrek jolas-eremua diseinatu dute, eta sorkuntza bateratu bat egin da, non teknikariek eta haurrek elkarrekin azken itxura nolakoa izango den adostu duten.
Prozesuan zehar behin betiko proiektuaren aurkezpen publikoa egin zuten haurrek, gurasoei eta komunitateari zuzenduta, eta prozesu osoa haurrek bideratutakoa izan da.

Elementu naturalak oinarri dituen basoa

Haurren irudimenari bide ematen dion jolas-eredu berria sustatzeko helburuarekin, eraiki den parkeak orain artean zeudenetatik oso bestelakoa izan nahi du. Elementu naturalek (enborrak, harriak, harea, belarra...) eta egurrean egindako egiturek garrantzia berezia dute, eta haurrek lur-eremu horretan baso bat sortu nahi izan dute. Hori horrela, Hogan etxola, indioen tipia, tunela, hari-eskailerak, skate-parkea eta txirrista bezalako jolas-elementuak ezarri dira. Jolaslekuak gune aberats, atsegin eta erakargarria izan nahi du haur guztientzat, bertan libreki mugitu, jolastu, gozatu, ikertu, harremanak izan eta amesteko aukera izan dezaten.

Haurrak, lehen aldiz, espazio publiko bat diseinatzen jarri izana esperientzia aberatsa izan da eta haurren hotsa entzun eta errealitatera eramatea lortu da; ametsetako jolas-parkea egi bihurtzea. Eskubidean planaren baitan kokatutako prozesu parte-hartzailearen ondorioz sortutako basoa 6-12 urte bitarteko haurrei zuzendua dago.