Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2026/04/16

Hemen da Pasaiako Barruti Batzarren bigarren edizioa

Udala eta herritarrak gerturatzeko aurtengo dinamikaren berri eman dute udal ordezkariek

Pasaiako Udalak 2026ko Barruti batzarrak aurkeztu ditu gaur, apirilak 16, prentsa gosari batean. Aurkezpenean Teo Alberro Bilbao alkateak, Laura Ré Lozano parte-hartze zinegotziak eta Maitane Barrenetxea Urretabizkaia parte-hartze teknikariak hartu dute parte.

Iaz lehen aldiz martxan jarritako ekimenak bigarren edizioa izango du aurten, eta Udal Gobernuak nabarmendu du helburua dela Barruti Batzarrak urteroko foro egonkor gisa finkatzea, udala eta herritarrak gerturatzeko tresna nagusietako bat bihurtuz.

Teo Alberro alkateak azaldu duenez, foro hauek “helburu hirukoitzarekin” sortu ziren: udalaren jardunaren berri ematea, barruti bakoitzeko gai espezifikoak lantzea eta, batez ere, herritarren kezkak, beharrak eta proposamenak zuzenean entzutea. “Hau ez datza iradokizunak jaso eta kaxoi batean gordetzean: gure urte osoko lanean txertatzen ditugu. Iaz jasotako ekarpenetatik abiatuta ekintza-plan bat osatu genuen, eta aurten, bigarren batzar hauetan, egindakoaren itzulera egingo diegu bizilagunei”, adierazi du alkateak.

Halaber, azpimarratu du iazko parte-hartzea “oso zabala” izan zela, eta aurten datu horiek hobetzea espero dutela: “Barruti batzarrak dagoeneko urteroko foro sistematiko bihurtu dira, udala eta herria gertuago egoteko eta elkarlanean aritzeko”.

Hiru ardatz: herritarrak, lurraldea eta udala

Laura Ré Lozano parte-hartze zinegotziak azaldu duenez, aurtengo batzarretan udalaren jarduna hiru bloke nagusitan aurkeztuko da: herritarrak, lurraldea eta udala. “Herritarren arloan, gizarte ekintzan eta berdintasunean egiten ari garena eta aurreikusitakoa azalduko dugu; era berean, kulturaren inguruko hausnarketa estrategikoa egingo dugu, eta gazte plana azalduko dugu”, adierazi du.

Lurraldeari dagokionez, besteak beste, aparkalekuen ordenantza, portuarekin lotutako egoera, etxebizitza eremu tentsionatuaren izendapena eta ingurumena izango dituzte hizpide. Udalaren blokearen barruan, berriz, herri-kontseilu berrien sorrera eta herritarren parte-hartzerako bideak eta prozesuak aurkeztuko dira.

Ré-k nabarmendu du iazko esperientziak “emaitza potenteak eta lanerako erronka berriak” utzi zituela, eta horregatik aurten “ilusioz eta arduraz” ekingo diotela egitasmoari.

Iazko ekarpenetatik, gaur egungo ekintzetara

Maitane Barrenetxea parte-hartze teknikariak, bere aldetik, iazko batzarretan jasotako proposamenen lanketa teknikoaren berri eman du. Proposamen horiek udal barruan departamentuka nola landu dituzten azaldu du, eta jasotako ekarpenekin osatutako ekintza-zerrenda eta horien jarraipena aurkeztu ditu.

“Iaz jasotako ‘etxeko lanak’ egituratu, lehentasunak ezarri eta urtean zehar landu ditugu. Orain, batzar berrietan, egindako lan horren guztien itzulketa egingo dugu, herritarrek argi ikus dezaten zer egin den, egin ez dena zergatik ez den egin, eta une honetan udalean zertan ari garen”, adierazi du.

Halaber, prozesuari gardentasuna eta jarraipena emateko, iaz bezala aurten ere hala nahi duten bizilagunei aktak emailez jasotzeko aukera eskainiko zaie. Balorazio-fitxak ere betegai izango dira saioetan, bizilagunen iritziak detaile handiagoz jasotzeko.

2026ko Barruti Batzarren egutegia

Aurtengo Barruti Batzar guztiak 18:30ean izango dira, honako egun eta lekuetan:

  • Apirilaren 27an, Donibaneko Kulturguneko Gela Balioanitzean. ATZERATUA
  • Apirilaren 29an, Antxoko Kultur Etxean.
  • Maiatzaren 4an, Trintxerpeko Alkateordetzan.
  • Maiatzaren 6an, San Pedron, Erti udal aretoan.
  • Maiatzaren 11n, Donibaneko Kulturguneko Gela Balioanitzean.

Amaitzeko, alkateak herritar guztiei dei egin die batzarretan parte hartu eta euren ekarpenak egin ditzaten, udalaren eta herritarren arteko elkarlana indartzen jarraitzeko.
 

Barruti Batzarrak 2026 aurkezpena