Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2025/05/16
Herritarren parte-hartzearen aldeko urrats berri bat: Barruti batzarrak
Maiatzetik ekainera lau barrutietan batzar bana izango da

Pasaiako Udala beste urrats sendo bat ematen ari da herritarren parte-hartzea eta komunikazio zuzena indartzeko bidean. Udal Gobernu berriak, 2023ko udal hauteskundeen ostean ardura hartu zuenetik, konpromiso argia hartu zuen herritarrengandik hurbilago egongo zen erakunde bat eraikitzeko. Ildo horretan kokatzen da Barruti batzarrak izeneko egitasmo berria.
Maiatzetik ekainera, barrutiz barruti batzar bana egingo dute Udal Gobernuko ordezkariek. Horiek helburu bikoitza izango dute: alde batetik, Udal Gobernuak bertatik bertara aurkeztuko ditu martxan dauden proiektuak eta politika publikoak; eta bestetik, Udal Gobernuak modu zuzenean jaso ahalko ditu barruti bakoitzeko bizilagunen beharrak, kezkak eta proposamenak.
Maiatzaren 16an izandako prentsa-gosarian, Teo Alberro alkateak honakoa adierazi du: “Pasaia parte-hartzaileago bati buruz hitz egitea ez da zaila, baina apustuak sendoa eta erreala behar du izan hitz hutsaletan ez dadin gera. Gure gobernuak konbikzio osoa du herritarrekin batera eraiki behar dela udal kudeaketa. Hori da gure apustua: entzutea, elkarrekin erabakitzea eta gardentasunez jardutea”.
Bide horretan, alkateak aitortu du ezinbestekoa izan dela, eta izango dela aurrerantzean, parte-hartze politikak gauzatzeko baliabideak jartzea. Horregatik, hain zuzen, Udal Gobernuak hasieratik hainbat erabaki hartu eta martxan jarri zituen: etenda zeuden Alkateordetza zerbitzuak berraktibatzea, parte-hartze teknikariaren postua sortu eta kontratatzea, eta baita komunikazio teknikariarena ere, informazio-fluxu zuzena eta aberatsa jaso zezaten pasaitarrek.
Egitasmo berriaren xehetasunak eman ditu jarraian Laura Ré parte-hartze zinegotziak: “Barruti Batzarrak izango dira, aurrerantzean, herritarren eta Udalaren arteko harreman zuzena egonkortzeko tresna nagusienetako bat. Orain arte hainbat parte-hartze prozesu egin ditugu: Aparkalekuaren Ordenantzaren idazketarako, Gure Zumardia diseinatzeko, San Pedroko kioskoaren etorkizunari buruzko erabakia hartzeko… Orain, ordea, egitura orokor eta iraunkorra sortzea da asmoa, halako prozesu espezifikoekin aurrera jarraituko badugu ere, jakina”.
Azkenik, Maitane Barrenetxea parte-hartze teknikariak batzarren egitura eta edukiei buruzko xehetasunak eman ditu: “Esan bezala, alde biko interakzioa izango dute helburu batzarrek. Guztietan bloke orokor bat izango da, Pasaiari eta pasaitar guztiei eragiten dieten gai orokor edo zeharkakoen berri emateko. Eta, ondoren, barruti bakoitzari espezifikoki eragiten dizkioten gaiak mahai-gaineratuko dira batzarretan”. Adibidez, topoko obra edo Luzuriaga Antxon; saneamendua eta itsasgorak identifikatzeko sistema berria Donibanen; Nabarra Bouako garaje publikoak eta arrantza San Pedron; edota Azkuene Goiako baratzeen proiektua eta Ciriza Trintxerpen, besteak beste.
Ondoren, herritarrek euren kezka, behar, proposamen edo iradokizunak helarazteko aukera irekia ere izango dute. “Horren bidez, aurrez aurreko harremanak indartu, eta gure bizilagunen berri modu zuzenean jasoko dugu”, amaitu du Alberrok.
Honakoak izango dira 2025eko barruti batzarren datak:
- Maiatzaren 26an Trintxerpen: Alkateordetzan, 19:30ean.
- Maiatzaren 28an Antxon: Kultur Etxean, 18:30ean.
- Ekainaren 3an Donibanen: Juanba Berasategin, 18:30ean.
- Ekainaren 5ean San Pedron: Udal Aretoan, 18:30ean
Pasaiako Udaleko ordezkariek herritarrei dei egin diete hurbildu eta parte har dezaten.