Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2026/07/30

Aurrera doaz Azkuene Goiako baratze parkea sortzeko lanak

Uztail eta abuztuan garbiketa lanak egingo dira, eta irailean ekingo zaio azpiegitura nagusien eraikuntzari

Pasaiako Udalak aurrera jarraitzen du Azkuene Goiako baratze parkea errealitate bihurtzeko lanekin. Proiektuaren helburua da erabilera publikoko naturgune berria sortzea, aisialdia, ingurumenaren zaintza, herri-baratzeak eta auzoko bizikidetza uztartzeko.

2025ean abiatu ziren lehen lanak, proiektuaren lehen fasearen barruan, ekialdeko baratze-eremua egokituz. Hala ere, parkearen garapena osatzeko beste lau fase gauzatu behar dira oraindik. Horretarako, Udalak 2026an zehar proiektua eguneratu du, hurrengo esku-hartzeak definitzeko eta lanen plangintza egokitzeko.

Testuinguru horretan, uztaila eta abuztuan zehar Udalak eguneratutako proiektuaren lehen fase berria esleituko du. Lan horiek iaz hasitako jarduketei jarraipena emango diete eta parkearen garapenean urrats garrantzitsuak izango dira.

Garbiketa lanak

Azken hamarkadetan eremuak izan duen erabileraren ondorioz, udal lurretan hondakin ugari, material metaketak eta arauz kanpoko egiturak pilatu dira. Egoera horrek zaildu egiten du aurreikusitako obrak gauzatzea.

Horregatik, ekainaren amaieran Udalak bando bat argitaratu zuen eta inguru horietan abisuak jarri zituen, gaur egungo erabiltzaileei lur publikoetan pilatutako materialak erretiratzeko eskatzearren. Nahiz eta hainbat elementu dagoeneko kendu diren, oraindik badira erabilera pribatura bideratutako espazioak eta legez kanpoko eraikuntzak.

Hori dela eta, uztaila amaieran eta abuztu hasieran Udalak garbiketa lanekin jarraituko du, urteetan zehar metatutako materialak eta egitura irregularrak kendu ahal izateko.

Irailean, azpiegitura nagusiak

Garbiketak amaitu ondoren, 2026ko irailetik aurrera parkearen fase berriari ekingo zaio. Jarduketa horren barruan, baratze parkeko ibilbideak eta oinarrizko azpiegiturak eraikiko dira, baita euri-urak biltzeko sistema berriak ere.

Horrez gain, parkearen punturik baxuenean —Ulia etorbidea 12 atzealdeko aparkalekuaren inguruan— euri-lorategi bat sortuko da, uraren kudeaketa jasangarria eta ingurumenaren hobekuntza sustatzeko.

Era berean, jolas-eremuaren lehen elementuak ere instalatuko dira. Horien artean izango da tirolina, Pasaiako haur eta nerabeek Udalaren Eskubidean parte-hartze programaren bidez egindako proposamenetako bat, eta udal gobernuak proiektuan txertatu duena.

Azkuene Goiako baratze parkea Pasaian naturgune publiko berria sortzeko udalaren estrategiaren parte da, herritarren bizi-kalitatea hobetzea, biodibertsitatea sustatzea eta auzoaren eraldaketa jasangarria bultzatzea helburu dituena.

Baratze parkearen egikaritze-lanak Europar Batasunaren FEDER funtsen bidez finantzatzen dira; garbiketa-lanak, aldiz, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Jasangarritasun Sailaren laguntzarekin egingo dira.