Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2025/04/25
Azkuene Goian herri-baratze publikoak sortzeko lanei ekingo die Udalak
Maiatzean ekingo zaio ekialdeko faseari

Datorren maiatzean hasiko dira Azkuene Goia parkearen ekialdeko gunea biziberritzeko lanak. Proiektuaren helburuak dira gunearen izaera naturala eta irekia berreskuratzea eta 60 herri-baratze publiko inguru sortzea. Ekintza hori 2018an onartutako Trintxerpeko Azkuene Goia eremurako urbanizazio-proiektuaren barne dago.
Egitasmo hau herritarrei zuzenduta dago, autokontsumorako baratze ekologikoak garatu ahal izateko. Iraitz Pazos Hirigintza eta Ingurumeneko eta Zerbitzuetako zinegotziaren eta Trintxerpeko alkateordearen hitzetan, “baratze publikoen sorrera ez da soilik aisialdirako aukera bat; elikadura burujabetzaren aldeko urrats praktikoa da, eta aldi berean, ingurumen naturalarekiko errespetua, komunitatearen kohesioa eta bizikidetza sustatzen ditu”.
Proiektuaren helburu nagusien berri eman du zinegotzi arduradunak: “Azken urteetan degradatu den eremu bat berreskuratzea, aisialdirako eta nekazaritza jasangarrirako espazio berriak eskaintzea, bide-sare irisgarri eta konektatu bat eratzea, eta landaredi autoktonoa eta natur balioa indartzea”.
Azkuene Goiako Baratze Parkearen eremu osoak 39.500 metro koadro inguruko hedadura du, eta proiektua faseka gauzatuko da bertan. Maiatzean abiatuko den fase honetan ‘Ekialdeko baratze eremua’ deritzon 10.000 metro koadro inguruko gunean garbiketak, lur mugimenduak, baratzeko egiturak, instalakuntza sareak eta birlandaketak gauzatuko dira. Lanok 121.250 euroko aurrekontuarekin gauzatuko dira eta urrirako amaituko dira.
Azkuene Goiako parkearen obrak, oro har
Azkuene Goiako Baratze Parkerako aurreikusitako lanek milioi euro inguruko aurrekontua dute guztira (fase guztiak kontuan hartuta). Horien amaierarako egikarituko diren esku-hartzeen artean, honakoak daude:
- Baratze publikoak: bi baratze-gune nagusi aurreikusi dira, 60 baratze ingururekin. Gune bakoitzak erabiltzaileentzako etxolak izango ditu, aldatzeko takila komunitarioak, simaurra pilatzeko konpostatze guneak, ur-hargune kolektiboak, eta atsedenguneak.
- Ibilbide eta sarbideen egitura: egun dauden ibilbideak egituratu eta horien arteko konexioa hobetzea. Ibilbide nagusi bat Larrebidetik hasita eta hiru sarbide nagusi (Larrebide, Mendiola eta Azkuene Goia) antolatuko dira, panel informatiboekin.
- Aisialdi aktiborako ingurunea: haurrentzako elementu naturalekin osatutako jolas gune bat eta adinekoentzako espazioak sortuko dira. Baita paseorako bide berriak ere.
- Landaredia indartzea: ingurunearen balio naturala indartuko da, egun dauden hainbat espezie ale babestuz eta eremuko landaredia indartuz.
- Ur edangarriaren instalakuntza: baratzeak hornitzeko ur-puntuak eta edateko uraren sare bat sortuko dira, hiru iturri eta bederatzi putzurekin.
Baratzon esleipen prozesuaren nondik norakoak behin obra amaituta erabakiko dira eta Udalak aurrez prestakuntza eta informazio saioak eskainiko dizkie interesdunei.
“Proiektu hau Azkuene-Goia eremua biziberritzeko eta herritar guztiei irekitzeko urrats garrantzitsua izango da”, mintzatu da Pazos. “Herritarrekin elkarlanean jardutea aurreikusten dugu, belaunaldi arteko harremanak sustatuz eta elikadura osasuntsu eta jasangarriaren balioak sendotuz. Udalak proiektu honi ikuspegi integrala emango dio, aisialdi edo kontsumo soilaren ikuspegitik haratago, komunitatea, zaintza eta autogestioa ardatz dituen bizipen gisa”, adierazi du Pazosek.