Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2026/03/26

Azkuene Goiako baratze parkearen lehenengo fasea egikaritzeko lanak amaitu dira 

2026ko urte bukaeran baratzeak esleitzeko prozedura arautuko duen ordenantza landu eta onartuko du Udalak

2025. urteko abuztuan Azkuene Goiako baratze parkearen lehenengo fasea egikaritzeko lanak eremuaren garbiketarekin hasi ziren. 

Eremu hori nola erabiltzen zen ikusita, urteetan hainbat hondakin pilatu ziren bertan, amiantoa tarteko. Hori zela-eta, dagokion Legedia betez, Amiantoaren Arriskupeko Enpresen Erregistroan izena emana duen enpresa baten bitartez egin beharra zegoen garbiketa. Garbiketak 42.592,00 €-ko kostua izan zuen eta horietatik 14.917,46 € Gipuzkoako Foru Aldundiaren Jasangarritasun Departamentuak emandako dirulaguntzarekin finantzatu zen. Eremuaren garbiketan 56,72 tona hondakin atera eta kudeatu ziren. 

Eremua garbitu ondoren, baratzeak egikaritzeko lanak 2025eko irailean abiatu ziren. Lanek 121.160,27 €-ko kostua izan dute (100.132,46 € + BEZ). Hasiera batean, lanak 2025eko abenduan bukatzea aurreikusita zegoen. Alabaina, eremua erabat garbitu eta egitekoak ziren lur-mugimenduak egin ondoren, eremuaren egonkortasuna bermatzeko txostena eskatu zitzaion geologo bati, eta bertan euri-urak bideratzeko zenbait lan proposatu ziren: terrazei barruranzko malda ematea; ezponda gainazalak sahats-landarez ziriztatzea; azaleko urak bideratzea edota drainatze jasangarriko sistema hiritarrak ezartzea. 

Lanak bukatuta, Azkuene Goiako mendebaldeko eremua berroneratu egin da, eta horrek bizilagunentzat hainbat onura ekarri ditu: aisialdi aktiborako erabilera publikoko eremu berri bat; herrigunetik irisgarria den eremu natural bat; naturarekin kontaktuan egon ahal izatea; bizi-kalitatearen hobekuntza, eta osasun fisikoa zein mentala zaintzea...

Hala mintzatu da Iraitz Pazos Lapido Ingurumen, Hirigintza eta Zerbitzuetako zinegotzi arduraduna: “Ekimen hau udal-politika publikoen norabide estrategiko baten parte da, herriaren eraldaketa ekologiko eta sozialaren aldekoa. Izan ere, espazio degradatuak berreskuratzea eta herritarren eskura jartzea funtsezkoa da Pasaia bidezkoagoa, osasuntsuagoa eta jasangarriagoa eraikitzeko”.

Pazosek dio Azkuene Goiako baratze parkea ez dela soilik aisialdirako gune bat: “Elikadura burujabetzaren, tokiko ekoizpenaren eta kontsumo arduratsuaren aldeko apustu argia da. Halaber, komunitatea indartzeko eta auzolana sustatzeko tresna ere bada, herritarren arteko harremanak eta zaintza-sareak sendotzen lagunduko duena”.

Lehenengo fasea egikaritzeko Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Jasangarritasunaren Sailaren 75.000 €-ko dirulaguntza jaso da. 

Udala dagoeneko 2. faseko proiektuaren eguneraketa lantzen ari da eta udara partean ekitea aurreikusten du.

“2026. bukaeran baratzeak esleitzeko prozedura zein baratzen erabilera arautuko duen ordenantza landu eta onartuko dugu, datorren udaberrirako erabiltzaileek baratzeak eskuragarri izan ditzaten” amaitu du zinegotziak. Apirilean zehar argitaratuko da lehenengo zirriborroa, herritarren ekarpenak jaso ahal izateko.