Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2025/03/17
Gipuzkoako V. Bakailao Ibilbidea eta XI. Pintxo Txapelketa aurkeztu dira Pasaian
Gipuzkoako 50 tabernak baino gehiagok parte hartuko dute ekimen horretan, martxoaren 24tik apirilaren 6ra
Martxoaren 24tik apirilaren 6ra bitartean, Gipuzkoa osoko 50 taberna baino gehiagok bakailao pintxoak aurkeztuko dituzte txapelketa eta ibilbide honen edizio berri batean.
Gilda eta Pintxoaren Kofradiak antolatutako ekimena Pasaiako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatzen dute, eta Oarsoaldea Garapen Agentziaren laguntza du.
Ekimen horren aurkezpena Pasaiako Udaleko udalbatza-aretoan egin da martxoaren 17an, eta Gipuzkoako ostalaritza sustatzeko ekitaldi gisa balio du.
Sukaldariek bakailaoa osagai nagusi duen pintxo bat aurkezten dute, aukera libreko beste produktu batzuekin batera. Aurreko urteetan bezala, finala showcooking formatuan egingo da Pasai Donibaneko Juanba Berasategi aretoan. Sukaldariak txapela lortzeko lehian arituko dira apirilaren 8an 16:00etatik aurrera egingo den finalean. Ekitaldia irekia izango da.
Aurkezpenean Teo Alberro Pasaiako alkateak honako hau adierazi du: “Pintxoak eta bakailaoa gure egunerokoaren, aisiaren, harremantzeko moduaren... bi erpin garrantzitsu dira. Eta txapelketa honek horiek biak batu eta ibilbide batean multzokatzen ditu. Urtez urte ikusi izan dugu zer-nolako harrera duen ekimen honek askotariko bizilagunen artean, eta horretxegatik, Pasaian harro gaude horrelako ekimen bat sustatzeaz. Txapelketa honek bertako ostalaritzari eta gastronomiari balioa ematen die, oholtzara ekartzen ditu protagonismo osoz, eta gure kulturaren aberastasunaz gozatzeko aukera eskaintzen digu guztioi bakailao pintxoen bidez”.
Azahara Dominguez Urtizberea Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolaketako diputatuak adierazi duenez, “Hitzordu honek mundu osoan ezagutzera eman digun gure gastronomiaren balioa nabarmentzeko aukera ematen digu, baita gure ekonomia dinamizatzeko aukera ere, gure ostalaritza-establezimenduetan kontsumoa sustatzen baitu bisitari gutxiago biltzen diren urteko une batean”.
Aitor Brion Pasaiako Udaleko Kultura eta Ondare zinegotziak hala laburbildu du aurtengo ekitaldia: “Pasaian beti izan dugu lotura berezia itsasoarekin eta, horrekin batera, bakailaoa gure kulturaren eta gastronomiaren parte da. Ekimen honek ez du soilik gure ostalaritza sustatzen, baizik eta gure tradizioak zaintzen eta belaunaldi berriei transmititzen laguntzen du. Bakailaoa gure mahaietan protagonista izan da mendeetan zehar, eta gaur egun ere, sukaldariek berrikuntzarekin eta tradizioarekin jolasten dute produktu honi balioa emateko”.
Bestalde, Sonia García Olazabalek Gilda eta Pintxoaren Kofradiaren izenean adierazi duenez, "aurreko edizioetan parte-hartzaileen maila oso altua izan zen, eta aurten handiagoa izatea espero da, ekimena beste herri batzuetara zabaldu baita. Gipuzkoa harro egon daiteke pintxo sukaldari handiak izateaz, guztiak ere gure produktua den bakailaoa lantzen esperientziadunak". Halaber, parte hartzen duten tabernen kalitateari eta kantitateari eta aniztasun geografikoari egin die erreferentzia, eta horrek arrakasta handia dakar parte-hartzean.
Finalean parte hartzaileek pintxoak zuzenean prestatuko dituzte publikoaren aurrean eta epaimahaiak erabakiko du irabazlea. Epaimahaia honako hauek osatuko dute: Felix Manso sukaldaria (Felix Manso Ibarla jatetxearen jabea), Juan Manuel Garmendia (FECOGAko lehendakaria eta Euskal Gastronomi Akademiako lehendakariordea), Cynthia Yaber (Arzakeko sukaldari-burua), Josema Azpeitia (gastronomia-kazetaria) eta Alberto Santiago (Santymar bakailao-enpresako gerentea).
Bakailaoaren ibilbidea
Bakailaoaren jaia V. ibilbidearekin hasiko da martxoaren 24an, astelehena, eta apirilaren 6ra arte iraungo du.
Pintxoen prezioa ez da 4,5 €-tik gorakoa izango, eta sari-banaketa Pintxo Txapelketaren finalean egingo da.