Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2026/06/15

Bai Euskarari: “Mendi gailurretik itsas bazterrera”

Mendiak eta Herriak Elkartea, Euskal Moneta eta PuntuEus Fundazioa izan dira 2026ko Bai Euskarari Saria jaso duten entitateak

Bai Euskarari Elkarteak urteko une berezienetako bat bizi zuen ekainaren 10ean Albaola Itsas Kultur Faktorian. Aurtengo edizioak nortasun berezia izan du; lehen aldiz Donostiatik irten dira sariak, eta leloak berak —Mendi gailurretik itsas bazterrera— ederki irudikatzen du ospatu nahi izan dena: euskarak egiten duen bidaia zabala, gure lurraldearen eta gure komunitatearen aniztasuna zeharkatzen duena dela. Joseba Olagaraik gidatu du ekitaldia, eta Leyre Redin musikariak girotu. Teo Alberro Pasaiako alkatea eta Laura Ré Euskara zinegotzia ere ekitaldian izan ziren.

Euskararen alde egin duten hiru entitateren lana aitortu da:

  • Mendiak eta Herriak elkartea: 50 urteko ibilbidean, euskararen aldeko konpromiso sendoa erakutsi dute, eta urte luzez Bai Euskarari komunitateko kide izan dira. Gainera, Urmugaren sortzaileetakoak dira, lurraldea, komunitatea eta euskara lotzen dituen proiektu eredugarria, hain zuzen ere. Euskararen aldeko konpromisoagatik eta bidea irekitzen lagundu izanagatik aitortu dira.
  • Euskal Moneta: euskararen aldeko urrats oso esanguratsuak eman dituzte. Pasa den urtean, haien langile guztiek euskara klaseak hartu zituzten, eta duela urte gutxi euskaraz ez zekiten hainbat langilek B1 maila eskuratu dute jada. Langileen euskalduntzean egindako eragina aitortza egin zaie.
  • PuntuEus fundazioa: ausardiaz abiatu zuten proiektua, eremu nagusiki erdaldun batean euskarari bere tokia egiteko. Gaur egun, interneten euskaraz aritzeko eta euskarari ikusgarritasuna emateko ezinbesteko erreferente bihurtu dira. Mundu digitalean euskararen alde egindakoagatik aitortu dira.

Aurtengo saridunek argi erakutsi dute euskararen presentziak garrantzi handia duela; are
gehiago, funtsezkoa dela gure komunitatearen kohesiorako, gure lan inguruneen
eraldaketarako eta gure etorkizun digitalerako. Bai Euskarari Elkarteko Beatriz Tomasek
esan duen moduan, “gaurko sariak ez dira soilik egindako lanaren aitortza izan; etorkizunerako bultzada ere izan dira”. Agerian geratu da, beraz, euskara ez dela soilik hizkuntza bat: aukera bat dela, balio erantsia, eta komunitate oso baten indarra.

Bai Euskarari Elkarteak euskararen biziberritzea eraikitzen jarraitu nahi du: pausoz pauso,
bidea ireki dutenekin, bidelagunekin eta etorkizunera begira lanean ari direnekin.

Bai Euskarari Sariak 2026