Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2026/10/02
‘Badiako ikastola txiki kementsu haiek’ dokumentala: memoria eta aitortza
Aretoa bete dute ikastolen sorreran eta ibilbidean parte hartu dute andereño, guraso, ikasle ohi eta herritarrek

Pasaiako eta Lezoko udalek Badiako ikastola txiki kementsu haiek dokumentalaren aurkezpen-ekitaldia egin dute gaur arratsaldean Pasai Donibaneko Juanba Berasategi aretoan. Ekitaldia oso hunkigarria izan da, eta aretoa bete egin da badiako ikastolen sorrerarekin eta ibilbidearekin lotura izan duten lagunekin: garai hartako andereñoak, egungo irakasleak, gurasoak, ikasle ohiak, herrikideak eta proiektuaren konplize eta laguntzaileak izan dira bertan.
Dokumentalak 1960ko eta 1970eko hamarkadetan Pasaian eta Lezon euskarazko hezkuntzaren alde egindako ibilbidea jasotzen du, Badihardugu Euskara Elkartearen Ahotsak proiektuaren bidez bildutako 30etik gora pasaitar eta lezoarren testigantzetatik abiatuta. Pasaia eta Lezoko udalerrietan sortutako ikastola txikien historia, bertako andereñoen eta gurasoen lana, ikasleen bizipenak eta ikastolen arteko elkarlana jasotzen ditu ikus-entzunezkoak, Pasaia-Lezo Lizeoaren sorrerara iritsi arte.
Ekitaldiaren hasieran, Teo Alberro Pasaiako alkateak ongietorria egin eta dokumentalaren atzean dagoen memoria-lana nabarmendu ditu. Haren hitzetan, ekimenaren helburua ez da soilik dokumental bat aurkeztea, baizik eta “gure herriaren memoriaren ataltxo bat partekatzea” eta, batez ere, garai hartako protagonistei eskerrak ematea.
Alberrok azaldu duenez, duela ia bi urte hasi ziren Pasaia eta Lezoko udalak badiako ikastolen historia eta memoria gordetzearen beharra lantzen. “Memoria ez baita datu multzo bat. Memoria pertsonak dira. Ahotsak dira”, adierazi du.
Dokumentalak erakusten duen moduan, ikastola ez zen beti eraikin bat izan: “Batzuetan, etxe bateko gela bat zen. Sukalde bat. Beste batzuetan, soto bat. Eliza baten azpiko espazio bat”. Horrelako baldintzetan, gurasoek, andereñoek eta herritar ugarik euskarazko hezkuntzaren aldeko proiektua aurrera ateratzeko egin zuten lana jasotzen du ikusentzunezkoak. “Ez ziren baldintza egokien zain egon. Baldintzak sortu egin zituzten”, nabarmendu du Alberrok.
Ondoren, Mikel Arruti Lezoko alkateak ikusmira gaur egunera ekarri du: “bizi dugun garaiak esperantzarako ate gutxi dituela pentsa genezake. Zailtasunak, oztopoak eta euskararen eta euskaldunon aurkako oldarraldiak bizi ditugu, baina guztiaren gainetik baditugu esperantzarako arrazoiak: elkartasuna, auzolana, gure hizkuntzaren eta kulturaren aldeko lana... gure herriaren berezko ezaugarriak dira, eta komeni da hori ere gogoraraztea, horretaz jabetzea”.
“Horretarako,gure aurretik bidea egin zutenen lana gogoratzea eta aitortzea ezinbestekoa dugu. Ikastola txikietan lehen urratsak eman zituzten pertsona guztiei esker lortu dugu gaur egun duguna. Andereño, guraso eta laguntzaile bakoitzaren ekarpenari esker ditugu egun ezagutzen ditugun ikastolak. Txikitasunetik gauza handiak lor daitezkeenaren adibide garbia dira”, azpimarratu du.
Azkenik, dokumentalean jasotzen den istorio bakoitzari behar duen garrantzia emateko deialdia egin die bertaratu diren pertsona guztiei, “iraganetik asko ikas baitezakegu oraindik ere”.
Protagonistei aitortza
Dokumentalaren proiekzioaren ondoren, Pasaiako eta Lezoko Kultur zinegotziek, Laura Rék eta Iker Salaberriak, hurrenez hurren, dokumentalean parte hartu duten protagonistak oholtzara deitu dituzte. Oroigarri gisa, eguzki-lore bat eta serigrafiatutako egurrezko pendrive bana jaso dute, dokumentala bera barruan duena.
Ekitaldiko une hunkigarrienetako bat Pasaia-Lezo Lizeoko haurren emanaldia izan da. Jurgi Ekiza abeslariaren laguntzaz, eta Pasaia Musikalen zuzendaritzapean, haurrek Zor diegu abestia eskaini diete oholtzan bildutako protagonistei. Pasaiako Udalak Lizeoari 50. urteurrenaren harira oparitutako abestia da, eta gaurkoan esanahi berezia hartu du, ikastolen lehen urteetan egindako lanaren eta gaur egungo belaunaldien arteko zubi gisa.
Ekitaldia amaitzeko, bertaratutakoek mokadutxoa partekatzeko aukera izan dute, eta protagonistak, haien senide eta lagunak, egungo zein garai bateko irakasleak eta herritarrak elkarrekin aritu dira solasean.
Dokumentala, ikusgai
Urri erdialdetik aurrera, dokumentala osorik ikusgai egongo da Pasaiako eta Lezoko udalen YouTube kanaletan, edonork ikusi eta partekatu ahal izateko.








