Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2025/06/06

Bero-bolada egoeren aurrean herritarrek eskura izango dituzten babesleku klimatikoak aurkeztuko ditu Udalak

4 parte-hartze saio egingo dira ekainaren 11tik 19ra, lau barrutietan.

2024. urtean bero-bolada egoeren aurrean Pasaiako Udalak herritarren babesleku izango diren kanpoko nahiz barruko espazioak aztertzeari ekin zion.

Horrela, barruti bakoitzean bero-boladen aurrean eroso egoteko baldintzak betetzen zituzten kaleko eremuak eta udal eraikinen katalogoa prestatu zuen, eta horien egokitasuna baloratzeko asmoz, udal mailan kontrastatzeaz gain, herritarren zenbait sektorerekin parte-hartze saioak antolatu ditu 2025. urtean zehar (hezkuntza-komunitatea, emakumeak, hirugarren adinekoak). Orain arte hauek izan dira Udalak herritarrekin batera antolatutako saioak:

    • Pasaia Lezo Lizeoko lehen-hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleekin (martxoak 14).
    • Trintxerpeko jubilatuekin (apirilak 1).
    • Antxoko jubilatuekin (apirilak 7).
   • Pasaiako Berdintasun Mahaiarekin (apirilak 8).

“Parte-hartze prozesua aurrera doa; horretarako, 4 saio antolatu ditugu datozen egunetarako, eta herritar guztiei zuzenduta daude” adierazi du Ingurumen zinegotzi Iraitz Pazosek.

    • Ekainak 11, 18:00etan, San Pedroko Udal Aretoan.
    • Ekainak 12, 18:00etan, Donibaneko Juanba Berasategin (erabilera anitzeko gela).
    • Ekainak 17, 18:00etan, Antxoko Molinao parkean (eguraldi txarra egingo balu Kultur aretoan).
    • Ekainak 19, 18:00etan, Trintxerpeko Musika Eskolako parkean (eguraldi txarra egingo balu Musika Eskola barruan).

Babesleku klimatikoen proposamenean 19 babesleku barneratu dira (horietatik 11 kanpoan kokatuta daude eta 8 udal eraikinetan). Horiek guztiek irisgarritasun baldintzak betetzen dituzte, edateko ura eskura dute eta baita atseden hartzeko eremua ere.

Babesleku klimatikoak klima-aldaketara egokitzeko tresnak dira; zehazki, bero-boladen aurrean herritar zaurgarrienen osasuna babesteko sortzen badira ere (haurrak, arnasketa-arazoak dituzten biztanleak, haurdun dauden emakumeak, adinekoak), biztanle guztiak dira onuradun.

Egitasmo hau Pasaiako Udalak 2023. urtean onartutako Klima eta Energiaren Tokiko Planeko 5.2.1 ekintza du oinarri. Izan ere, Pasaian bero-boladek giza osasunean izan ditzaketen eraginak arrisku maila handia dute.

“Babesleku klimatikoen proposamenaz gain, herriko azpiegitura berdea handitzeko borondatea ere badugu, eta horretarako, azterketa lanetan dihardugu barruti guztietan” amaitu du Pazosek.