Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2021/07/25

Zuzendu dira San Pedroko babes ofizialeko etxeetarako oinarriak

Udalak aurreko oinarrietako akatsak zuzendu ditu, eta berriz ere onartu ditu uztailaren 22ko udalbatzarrean.

Udalbatzak ekainaren 14an onartu zituen San Pedron eraikiko diren babes ofizialeko etxeetarako oinarriak.  Ekainaren 28ko aldizkarian argitaratu ondoren, udalak iragarri zuen oinarri horietan zuzendu ezin ziren akats teknikoak bazirela; horiek horrela, oinarriak zuzenduko zituela eta hurrengo udalbatzarrean aurkeztuko zituela adierazi zuen.

Akatsak zuzentzeaz gain, zozketan parte hartzeko izen-emate epea ere aldatu egin da: aurreko oinarrietan 10 egun balioduneko epea ezartzen zen, eta orain 2021eko irailaren 30era arte luzatu da izena emateko epea. Nahikari Otermin Hirigintzako zinegotziak honako hau adierazi du: "Oinarriak aldizkarian opor garaian argitaratuko direnez, ziurtatu nahi dugu pasaitarrek denbora gehiago izango dutela zozketan izena emateko, beraz, irailean ere izen-ematea irekita egongo da."

Aurrez udaletik adierazitakoari jarraikiz, izena eman dutenen behin betiko zerrenda prest dagoenean, 39 etxebizitzen zozketa Donibaneko kulturgunean egingo da.  Deialdiaren datuak aldez aurretik jakinaraziko zaizkie pasaitar guztiei, ohiko bideen bitartez.