Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2025/10/15
AZTIk itsas zientzia ezagutzera gonbidatzen ditu Pasaitarrak, ate irekien jardunaldi batean
Zentro teknologikoa 11:30etik 14:00etara bisitatu ahal izango da urriaren 18an Aldaketarako Marea ekimenaren baitan

Pasaia ingurumenaren eta elkartasunaren arloan erreferente bihurtzeko helburuarekin Pasaiako Udalak sustatutako Aldaketarako Marea ekimenaren inguruan, AZTI zentro teknologikoak bere egoitzako ateak irekiko ditu datorren urriaren 18an, larunbata, Pasaiako portuan (Herrera Kaia, hospitalillon).
11:30etik 14:00etara egingo den jardunaldi irekian, herritarrek gertutik ezagutu ahal izango dute ikerketa-zentro horrek egiten duen lana. Izan ere, nazioartean erreferente da itsas eta elikadura-arloetan egiten duen lanagatik. Pasaian, arrantza jasangarriko, ozeanografiako, itsas ekosistemen kudeaketako eta klima-aldaketaren ikerketako proiektuen buru da AZTI, eta gure itsasoak ezagutzen eta babesten laguntzen du.
Bertaratzen direnek aukera izango dute punta-puntako teknologiak ezagutzeko: itsas ibilgailu autonomoak, ikerketa-ontziak, dragak, CTD zundak eta ozeanoak zein itsas zaborrak aztertzeko erabiltzen diren beste ekipo zientifiko batzuk. Gainera, laborategiak bisitatu eta Pasaiako egoitzan egunero lanean diharduten ikertzaileekin hitz egin ahal izango da.
Jarduerarik nabarmenetako bat izango da Ulysses proiektuan parte hartzea, non AZTIk bazkide zientifiko gisa jarduten duen. Haurrek, gazteek eta helduek GPS sistemadun egurrezko txalupa txikiak apainduko dituzte; txalupa horiek itsasora abiatuko dira mezu pertsonalak eramanez eta itsas zaborren ibilbidea simulatuz.






