Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2022/08/23

Hasi dira Antxoko Azoka botatzeko lanak

Topoa lurperatzeko eta Gure Zumardia plazaren azpian geltoki berria eraikitzeko lanak aurrera doaz, aurreikusitakoaren arabera. Jada hasi dira Azoka eraikinaren barrualdea botatzen, eta jarraian hasiko dira kanpoaldea eraisten. Lan horiek bi astetan egitea aurreikusi da.

Pasaiako Udalak obraren ardura duen enpresari eskatu dio hartu beharreko neurri guztiak har ditzala, lanek ahalik eta eragin eta oztopo gutxien sor ditzaten. Nolanahi ere, Zumardira begirako etxebizitzak dituzten herritarrei gomendatzen zaie leihoak eta balkoiak itxita izatea lanorduetan, hautsak eragin dezakeen kaltea saihesteko, batez ere alergia duten edo arnasa hartzeko arazoak dituzten pertsonengan.

Azoka eraitsi ondoren, eraikin horretan egiten ziren jarduera gehienak udalak Visesari erositako eraikinera lekualdatuko dira (Eskalantegi 45). Izan ere, laster hasiko dira eraikin hori egokitzeko lanak. Etorkizunean, jarduera horietako batzuk Luzuriagako bulego zaharren eraikinean koka litezke; izan ere, Udalak parte-hartze prozesu bat abian jartzeko asmoa du, bertan gizarte- eta kultura-gune handi bat garatze aldera.