Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2026/09/03

Azkueneko kirol-pistako belar artifiziala berritzen ari da Udala

Lanak gaur hasi dira eta 33.993,38 euroko aurrekontua dute

Pasaiako Udalak Trintxerpeko Azkueneko kirol-pistan belar artifiziala berritzeko lanak abiatu ditu gaur, irailak 3. Jarduketaren helburuak dira instalazioaren egoera hobetzea eta herritarrek kirolerako erabiltzen duten espazioaren kalitatea eta erabilgarritasuna handitzea.

Lanek 33.993,38 euroko aurrekontua dute, BEZa barne, eta hainbat jarduketa barne hartuko dituzte. Lehen fasean, irailaren 5era bitartean, egungo belar artifiziala kendu eta instalaziotik aterako da, ondoren homologatutako zentro batean birziklatzeko. Irailaren 7ko astean belar berriaren instalazioarekin hastea aurreikusten da.

Belar berria 12 milimetroko altuerako kirol-erabilerarako belar artifiziala izango da, hainbat kirol-jardueretarako egokitua. Instalazioak junturen arteko lotura-sistema berria izango du, eta, horrez gain, dilatazio-juntak hobetu egingo dira. Putzuak sortzen diren guneetan, halaber, lurra nibelatzeko lanak egingo dira, ur-pilaketak saihesten laguntzeko eta pistaren egoera orokorra hobetzeko.

Jarduketak barne hartzen du, era berean, silize harea instalazioaren azalera osoan zabaltzea, baita areto-futbolean aritzeko neurri homologatuetako marra zuriak margotzea ere. Silize hareak ingurumen-inpaktu txikiagoa du, bereziki pneumatikoetatik eratorritako granulatuek eragin ditzaketen kutsadura kimikoarekin eta mikroplastikoen askapenarekin alderatuta.

Azkueneko pistako jarduketa Pasaiako Udala azken urteotan herriko espazio publikoak eta kirol-instalazioak hobetzeko garatzen ari den lan-ildoaren baitan kokatzen da. Helburua da herritarrek egunerokoan erabiltzen dituzten espazioak zaindu, egokitu eta hobetzea, Pasaia gero eta bizigarriagoa eta jasangarriagoa izan dadin.

Ildo horretan, Udalak azken urteotan hainbat hobekuntza egin ditu udalerriko kirol-instalazioetan eta horietako materialean, instalazioen egoera eta segurtasuna hobetzeko, herritarren kirol-praktika sustatzeko eta espazio horien erabilera baldintza hobeetan garatu ahal izateko.

Azkueneko pistako belar artifiziala berritzeak, beraz, kirolerako espazio baten berrikuntza zehatza ez ezik, herriko ekipamendu publikoen mantentze eta hobekuntza progresiboaren barruan beste urrats bat ere badakar.