Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2025/10/10

Azkueneko parkearen birnaturalizazioa, martxan

36.915 euroko inbertsioa egingo da aisialdi-gune berdea berritzeko eta naturalizatzeko helburuarekin

Trintxerpeko Azkueneko biribilgunean dagoen parkearen birnaturalizazio-proiektua datorren astean abiatuko da. Lanek 36.915,29 euroko aurrekontua izango dute, eta jolasgunea espazio bizi, naturalizatu eta inklusibo bihurtzeko helburuz gauzatuko dira.

Proiektuak egungo jolas eta aisialdirako eremua osatuko du, natura oinarri duen gune ireki batekin. Proiektuaren oinarrizko irizpidea eremuaren naturalizazioa da: ahal den heinean landare egiturak barneratuko dira, dauden zuhaitzak babestu edo integratuz, eta espazioa elementu naturalekin egituratuko da. Horretarako, material naturalak eta gertukoak erabiliko dira, eta euskarri ezberdinak diseinatuko dira erabilera bakoitzaren arabera, jolasetik atseden-gunera arte.

Lanen ardatz nagusiak izango dira lursailaren egokitzapena, landare autoktonoen erabilera, eta egurrezko egiturak. Haurrek esploratzeko, sormena lantzeko eta elkarrekintzan aritzeko aukera izango dute, modu libre eta seguru batean.

Horrez gain, proiektuak belaunaldien arteko partekatzea ere sustatzen du, elkarbizitzarako eta atseden hartzeko espazioak sortuz. Egurrezko bankuak eta esertzeko nahiz etzateko egitura informalak jarriko dira, haurrentzako ez ezik, gazte, nerabe, guraso eta edonorentzako egokiak. Horrela, eremu berrituak belaunaldien arteko fluxua eta topaketa erraztuko ditu, ondoan dagoen haur-parkearekin lotura estua mantenduz.

Iraitz Pazos, Hirigintzako, Ingurumeneko eta Zerbitzuetako zinegotziak adierazi duenez: “Azkueneko parkea berritzeko proiektu honek ez du soilik eremua estetikoki hobetuko, baizik eta haurren garapen emozionala, soziala eta fisikoa sustatuko duen ingurune natural bat eskainiko du. Gure helburua da Pasaia osoko espazio publikoetan naturarekiko harremana berreskuratzea eta gure haurrek naturarekin jolasteko aukera geroz eta gehiago izatea”.

Birnaturalizazioaren diseinua jolas aske eta inklusiboaren printzipioetan oinarritzen da. Ume guztientzat irisgarriak izatea helburu duten eremuak sortuko dira, mugimendu askea, sormena eta esplorazioa bultzatzeko elementuekin: belardia, zurezko egiturak, eta natura bera jolasaren parte bihurtuko duten landaredi eta topografiak.

Pazosek honakoa gehitu du: “Uste dugu haur-parkeek ez dutela soilik jolas-funtzioa izan behar. Garrantzitsua da espazio horiek hezkuntza eta osasun ikuspegitik ere lantzea, naturaren bidez ikaskuntza eta ongizatea sustatzearren. Gainera, sortuko dugun egitura berriak aukera ematen du belaunaldien arteko elkarbizitza eta partekatzea ere indartzeko”.

Lanak urriaren 13an hasiko dira, eta obra egiteko epea hiru bat aste ingurukoa izango da. Ez da alboko haur-parkea ixteko beharrik aurreikusten, baina obraren arabera baliteke une jakin batzuetan eremuren bat itxi behar izatea. Horrenbestez, urtea amaitu baino lehen Azkueneko haurrek parke berrituaz gozatu ahal izatea da helburua.

INFOGRAFIA