Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2025/07/24

Abiatu dira Azkuene Goian herri-baratze publikoak sortzeko lanak

Lehen faseak 10.000 metro koadro inguruko eremuari eragingo dio

Trintxerpeko Azkuene Goia parkearen ekialdeko gunea biziberritzeko lanak abiatu direla jakinarazi du Pasaiako Udalak. Proiektuaren helburuak dira gunearen izaera naturala eta irekia berreskuratzea, eta 60 herri-baratze publiko inguru sortzea.

Parkearen eremu osoak 39.500 metro koadro ditu. Obrak faseka gauzatuko dira, eta abiatu berri den honetan 'Ekialdeko baratze eremua' deritzon 10.000 metro koadroko gunearen garbiketa, lur mugimenduak, baratzeko egiturak, instalakuntza sareak eta birlandaketan gauzatuko dira. Lanok 121.250 euroko aurrekontua dute, eta bost hilabeteko epean amaitzea aurreikusi da.

Fase guztiak kontuan izanda aurreikusitako lanek milioi inguruko aurrekontua dute guztira. Horien xehetasunak 2025eko apirilean udal webgunean argitaratutako artikuluan kontsulta daitezke.

Baratzon esleipen prozesuaren nondik norakoak behin obra amaituta erabakiko dira, eta Udalak aurrez prestakuntza eta informazio saioak eskainiko dizkie interesdunei.