Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2017/11/25
Azaroaren 25eko adierazpen instituzionala
Emakumeenganako indarkeriaren aurkako nazioarteko eguna
Begirada berria emakumeen aurkako indarkeriari
Azaroaren 25a dela eta, emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko Nazioarteko Eguna, berriz azpimarratzen dugu indarkeria mota honen izaera estrukturala eta gure konpromisoa agertzen dugu emakumeen aurkako indarkeriatik libre egongo den gizarte baten alde. Era berean, nazioarteko zuzenbide-esparruarekin bat, berresten dugu badagoela loturarik genero-arrazoiek eragindako bazterkeriaren eta emakumeen aurkako indarkeriaren artean. Emakumeen aurkako indarkeriak eragindako biktimei eta hartatik bizirik irtendakoei laguntza-zerbitzua bermatzea ez ezik, beharrezkoa ere bada esku-hartzearen plano guztietan jarduketak planteatzea: Prebentzioa, Detekzioa, Arreta, Babesa, Koordinazioa, Justizia, eta Erreparazioa ere bai.
Emakumeen aurkako indarkeriatik libre egongo den berdintasunezko gizarte bat eraikitzeko dugun konpromisoa oinarritzat hartuz, dagokigun erronka da erreparazio-eskubidea emakumeen aurkako indarkeriari emandako erantzunean sartzeko. Horretarako, eskura izan behar ditugu indarkeriaren eta berorren adierazpide guztien inpaktuak ikusarazten lagunduko duten baliabideak, deslegitimazio soziala xede harturik. Beharrezkoa da ahotsa eta protagonismoa ematea, bai indarkeria matxistaren biktimei bai berorien elkargune diren elkarteei, erreparazio-bideak proposatzeko duten zilegitasuna aitortze aldera.
Erreparazio honen helburua indarkeriaren biktimak eta hartatik bizirik irtendakoak guztiz osatzea izan behar da. Hortaz, barne hartu behar du inplikaturiko zerbitzu eta sistema guztiak hobetzea, nola-eta horiek guztiak sistematikoki aztertuz.
Beraz, emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Egun honetan, honakoa agertzen dugu:
- Herritarrak gonbidatu nahi ditugu, berdintasunaren aldeko konpromiso pertsonal eta kolektiboak har ditzaten urteko egun guzti-guztietan, eta parte har dezaten modu aktiboan; baita gazteek ere, parte har dezaten Beldur Barik! prebentziorako programan eta berdintasunaren heziketan, indarkeria matxistaren prebentzioa eta sentsibilizazioa lantzeko tresna gisa.
- Hitzematen dugu udalean erakundeen arteko elkarlanean aritzeko protokoloa landuko dugula, indarkeria matxistaren biktima diren emakumeen arreta hobetzeko.
- Gizarte zerbitzuetan laguntza eskatzen dutenean, indarkeria matxista jasaten duten emakumeei zerbitzu hobea ematen ahaleginduko gara. Emakumeen jabekuntzan oinarritzen den zerbitzu eredua eskainiko zaie.
- Indarkeriaren biktima diren emakumeak artatzeko baliabideetako datu estatistikoak jasotzeko sistematizazio-eredu berri bat sortzen saiatuko gara.
- “Indarkeriarik gabeko bizitzaren aldeko emakumeentzako gunea” izeneko autolaguntzarako baliabideak jarraipena izan dezan ahaleginduko gara. Oarsoaldeako udalek bultzatua da, eta Errenterian du kokapena.
- Oarsoaldeko udalek landutako bi protokoloak aktibatzen jarraitzeko konpromisoa hartuko dugu.
- Hitzematen dugu agenda politikoan indarkeriak eragindako emakume biktimekiko erreparazio-eskubidearen aitortza eta horri buruzko hausnarketa sartuko dugula, haiek guztiz osatu daitezen eta indarkeriarik gabeko bizitza-eskubidea gauzatu ahal dezaten.
- Konpromisoa hartzen dugu udaletan indarkeria matxistari aurre egiteko plan eta neurri estrukturalak hedatzen eta hobetzen jarraitzeko, betiere, emakume eta feministen kolektiboekin elkarlanean, eta baita gizarte zibil eta herritarrekin ere.
- Agintzen dugu gizartean aldaketa estrukturala bultzatuko dugula, eta herritar guztiez gain, aldaketa horretara bilduko ditugula erakunde publikoak, hedabideak, eta lan-, kultura-, gizarte- eta ekonomia arloetako eragileak.
- Eta arduratuko gara indar politiko guztien eta erakundeen adostasunaren bitartez, beharrezkoak diren baliabideak eskura izan daitezen, xedea izanik aurrera egitea emakumeen aurkako indarkeria gure gizartetik desagerrarazteko.