Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2023/11/13
A25: Pasaia, indarkeria matxistaren kontra. Jarduera-programa
Azaroaren 11tik 27ra bitartean lau barrutietan
Indarkeria matxistaren kontra egunero aritu behar dugula sinisten badugu ere, azaroaren 25a da egutegian finkatu dugun mugarria indarkeria matxista guztien aurrean gure konpromiso firmea adierazteko. Zalantzarik gabe, indarkeria matxistak berdintasun-printzipioak eta giza-eskubide oinarrizkoenak urratzen ditu. Baina hortik haratago, emakumeak beldurrarazteko tresna indartsua da, indarrean dauden genero-arauak desafiatu eta eralda ez ditzaten.
Zalantzarik gabe, aurrerapenak lortu dira indarkeria matxistaren kontrako borroka honetan, banaka egindako ahaleginen bidez, zein mugimendu feministek eta beste erakunde batzuek egindako lanaren bidez. Baina, ezbairik gabe, oraindik asko dugu egiteke.
Aurten azaroaren 25aren harira Pasaiako Udalak, bertako elkarte eta taldeekin batera, antolatu duen programak pausoak ematen jarraitzeko helburua du; gogoetarako, adierazpenerako eta sareak eraikitzeko guneak sortuz eta tarteak eskainiz.
Azaroak 11
Liburutegien eskutik, beste literatura-emanaldi bat izango da: azaroaren 11n, 12:00etan eta Trintxerpeko Alkateordetzan, Dory Lansorenak bere azken liburua aurkeztuko digu.
Azaroak 19
Programaren barnean, “EMAKUMEAK” emanaldia antolatuko da, NODEren eskutik. El Salvadorreko emakumeek abortuaren penalizazioa dela eta pairatzen duten indarkeria-egoera ezagutarazteko proiektua da, eta diziplina anitzeko emanaldi batean zehazten da: dokumental labur baten proiekzioa, eleberri grafiko baten aurkezpena, eta dantza-garaikide pieza bat. Donibanen izango da, azaroaren 19an, Juanba Berasategi Kulturguneko areto nagusian.
Azaroak 21 - Abenduak 1
San Pedroko Udal Aretoan "Elkarrekin biziberrituz" erakusketa egongo da ikusgai. Adinkiderekin batera antolatuta, Pasaiako emakumeen kakorratz lanak eta argazkiak jasotzen ditu, eta azaroaren 21ean, 18:30etan, bisita gidatua eskainiko dute erakusketaren egileek.
Azaroak 22
Horrez gain, Donibanen, baina oraingoan Kultur Aterpean, “Gorputzak eta desirak askatuz” izenburuko tailerra antolatuko da, Nora Ziarsolo formatzailearekin. Azaroaren 22an izango da, 18:00-20:30 bitartean.
Azaroak 24
Bestalde, Bekoz Beko elkarteak “Gure gorputzen hipersexualizazioa” hitzaldia antolatu du Emargiko Lucía Nietorekin, elkartearen egoitzan (Antxon), azaroaren 24an, 17:00etan.
Azaroak 26
Eta Topaketa elkarteak “Ni una menos” poesia errezitaldi musikatuaren VII. edizioan lagundu du, Mari Mari Estévezen koordinazioarekin. Azaroaren 26an izango da, eguerdiko 12:00etan, Trintxerpeko Alkateordetzan.
Azaroak 25
Azaroaren 25ean bertan ez dago programaziorik, baina mugimendu feministak deitutako mobilizazioetan parte hartzera gonbidatzen zaituztegu. Trintxerpen, 12:00etan Azkueneko biribilgunetik atera eta Gernika plazaraino iritsiko den protesta antolatu dute. Antxon, elkarretaratzea deitu dute, 12:30etan, Biteri plazako frontoian.
Azaroak 27
Azkenik, programan azaroan antolatuko den beste jardunaldi bat txertatu da: A30eko greba feminista deialdiaren harira, “Zaintzak, erdigunera! Greba feministarantz!” izenburupean zaintzaren gaiari buruzko jardunaldia izango dugu Antxoko Kultur Etxean, azaroaren 27ko arratsaldean (kafe-tertulia eta mahai-inguru irekia).
Jarduera guztietarako sarrera librea izango da, edukiera bete arte. Informazio gehiago: berdintasuna@pasaia.net · 943344034 / 911.