Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2023/11/24
Indarkeria matxista eta sexu-erasoei aurre egiteko Pasaiako Udalaren Autolaguntza Gidaren aurkezpena
Azaroaren 23an
Azaroaren 23an, osteguna, Pasaiako Udalak indarkeria matxista eta sexu-erasoei aurre egiteko Autolaguntza Gida aurkeztu du. Dokumentu horren helburua indarkeria matxistaren biktima edo biziraule diren emakumeei egoerari nola erantzun jakiteko erreminta izatea da.
Aurkezpenean Laura Re Berdintasun Alorreko zinegotziak, Amaia Garcia eta Aitzole Araneta berdintasun teknikariek, eta Maider Gezala gizarte langileak parte hartu dute. Hitzaurre arduradun politikoak esan du, Azaroaren 25ari erreferentzia eginez: “Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Egunaren atarian gauden honetan, bereziki garrantzitsua iruditzen zait gaur aurkeztera goazenatresnak aintzatestea”.
Jazarpen egoera bat bizitzen ari diren edo bizi izan duten emakumeei zuzenduriko bide-orria da gaur aurkeztu dena, Pasaiako Udaleko Berdintasun eta Gizarte Ekintza sailetako teknikariek elkarlanean gauzatu dutena. Alde artistikoa Limoiura estudioak egin du.
“Pasaiako Udaletik, gizarte justu eta berdinzaleago baterantz bidea egiteko konpromisoa hartzeaz haratago, ezinbestekoa da horretarako baliabide humano, tekniko eta ekonomikoak ere bermatzea politika feministetan aurrerapausoak ahalbidetu ahal izateko”, mintzatu da Re.
Zentzu horretan, 2024rako Berdintasun departamentuaren diru-partida % 51n handitzea proposatu du Udal Gobernuak. Igoera horren baitan barnebilduta daude, besteak beste, emakumeen parte-hartzea sustatu eta horientzako espazio seguruak sortzeko helburuz martxan den Jabekuntza Eskolaren inbertsio-igoera, eta baita Berdintasun teknikari berri baten kontratazioa ere. “Horiek baitira egunez egun Pasaian indarkeria matxistari aurka egitea ahalbidetuko digutenak”, azaldu du zinegotziak, “eta horien finantziazio eta sustapena ezinbestekoak izango baitira etorkizuneko Pasaia feminista irudikatzeko bidean”.
Hori esanda “bihotzez” eman dizkie eskerrak Berdintasun zinegotziak “egunez egun horretan diharduten teknikariei”. Gezala, Garcia eta Araneta izan dira, hurrenez hurren, gida sortzeko ideiaren jatorriaren berri eman eta herritarrek dokumentu horretan topatu ahalko duten edukia laburbildu dutenak. Ondoko fitxan irakur daiteke informazio hori:
IDEIAREN JATORRIA
- Egoera honetan dagoen emakume batek informazioa bilatzen badu, nora jo dezake?
- Zer aurkituko du Pasaiako Udalaren webgunean bilatzen badu?
HELBURUAK
- Indarkeria matxistarekiko sentsibilizazioa areagotzea.
- Eskuragarri dauden zerbitzu / baliabideak ezagutzera ematea.
- Gizarte Zerbitzuen lan egiteko modua eta eskumenak balioan jartzea.
GIDAREN EDUKIA
- Ezaugarriak:
- Hizkuntza erraza eta argia. Irudiak.
- Limoiura estudioa (diseinua / artea).
- Euskarazko eta gaztelaniazko bertsioak.
- Indarkeria matxista identifikatzeko tresnak:
- Definizioa
- Iceberg-aren irudia
- Indarkeria mota desberdinak
- Mitoak, aurreiritziak eta zurrumurruak
- Inguruko norbait laguntzeko jarraibideak
- Baliabideak, zerbitzuak eta gomendioak:
- Zerbitzu espezializatuak
- Larrialdi-zerbitzuak eta polizia
- Osasun-zerbitzuak
Gizarte Zerbitzuen lan egiteko moduaren (laguntza integrala eta pertsonalizatua, segurtasuna eta babesa, ahalduntzea) eta eskumenen inguruko ikuspegi orokorra.
NON TOPA DAITEKE
- Online:
- Orrialde honen beheko aldean.
- Paperean (momentuz):
- Herriko HAZ bulegoetan.
- Gizarte Ekintzako bulegoetan.