Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2025/11/28

2026rako aurrekontu proposamenaren ildo nagusiak aurkeztu ditu Udal Gobernuak

31 milioiko proiektuak zaintza-zerbitzuetan hobekuntza, mugikortasun eta hirigintza proiektu estrategikoak, eta kultura, euskara eta komunitatearen partaidetzarako inbertsioak jaso ditu

Pasaiako Udal Gobernuak 2026ko aurrekontu-proposamena aurkeztu du, 31.015.491 eurokoa, herritarren bizi-kalitatea hobetzea, zerbitzu publikoen indartzea eta gizarte-kohesioa lehenetsiz. “Aurrekontu hau gure herriaren behar nagusiei erantzuteko diseinatu dugu”, mintzatu da Teo Alberro alkatea, “ikuspegi sozial, jasangarri eta parte-hartzailetik, eta azken urteetan martxan jarritako prozesuei jarraipena emanez, politika publiko eraginkorrak sendotzea eta proiektu estrategikoak bultzatzea xede”.

Proiektu horren oinarri, 500.000 euro jaso ditu gobernuak zaharkituta dauden udal lanpostuen eguneraketa eta egokitzapenerako, zerbitzu publikoen kalitatea hobetzeko.

Berdintasuna eta gizarte politikak:  Pasaia zaintzaileagoa

Aurrekontuak dimentsio sozial sendoa du. Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuak 1,34 milioi jasoko ditu, %23ko igoerarekin, zaintza behar duten pasaitarren arreta indartuz, eta zerbitzu horretako langileen aldarrikapen eta beharrei erantzunez.

Antxoko Fini Rubio eguneko zentroa martxan jarriko da 93.000 eurorekin, eta Oarsoaldeko bazterkeriaren kontrako eguneko arreta zentroak 200.000 euro jasoko ditu. Horiez gain, familietan esku hartzeak, gizarteratze programak eta jubilatuen elkarteen dirulaguntzak ere handituko dira.

Berdintasun Planaren jarraipenak %12ko igoera izango du, Jabekuntza Eskolak %9ko hazkundea, eta LGTBI Bizitzak proiektuaren garapenerako 18.500 euro bideratuko dira. Horrez gain, berdintasunaren aldeko elkarteen dirulaguntzak %56 handituko dira, mugimendu feministarekin lankidetza estutuz.

Mugikortasuna eta bide publikoak: Pasaia biziagarriagoa

Jakina da Pasaiako mugikortasunean aldaketa nabarmenak gertatzen ari direla Aparkalekuaren Ordenantza martxan jarri zenetik. Horregatik, eta bertakoek aparkatu ahal izatea lehenetsi nahiz oinezkoen eskubideak bermatzeko, baliabide bereziak aurreikusi ditu Udal Gobernuak datorren ekitaldirako. Alde batetik, 9.200 euro bideratuko dira garabi-sistema kontratatzera, eta bestetik, 15.000 euro Antxoko Luzuriaga eremuan aparkaleku berri bat egiteko proiektuaren idazketara, (xehetasunak aurki emango ditu udalak).

Oinezkoak lehenetsiko dituen mugikortasunarekin bat, bide publikoen mantentze-lanetan ere jauzi nabarmena egingo da 2026an: zolaketa lanek %50eko igoera izango dute, eta zuhaitz eta landare berriak jartzeko %33ko gehikuntza aurreikusi da, baita eta lorezaintzak ere %11ko igoera izango du. 

10.000 euroko partida berria sortuko da hiri-altzarietarako, eta Donibaneko deposituaren gaineko magaletako egonkortze lanetarako 120.000 euro jarriko dira, segurtasuna eta ingurumen-babesa bermatzeko.

Horri guztiari gehitu behar zaio portu-hiri interakziorako espazioen mantentzera 500.000 eurotik gora bideratuko direla.

Etxebizitza: Pasaia irekiagoa

Etxebizitzaren arloan, udalak ISM eraikinean etxebizitzak egiteko aukeren azterlana egiteko 15.000 euro aurreikusi ditu, udalerrian etxebizitza berriak sortzearen aldeko apustuan. 

Horrez gain, etxebizitzak, igogailua eta aparkalekuak aurreikusten dituen Izarra proiektua eguneratzeko 100.000 euro jaso dira, eta Morales Oliver zein J.J. Otaegi eraikinen eraberritze-proiektuak idazteko 50.000na euro bideratuko dira, udal jabetzako eraikinak berritu eta gizarte zein etxebizitza erabileretarako prestatuz.

Hirigintza eta Ingurumena: Pasaia jasangarriagoa

Azkuene Goiako Baratze Parkearen bigarren fasea 200.000 euroko partida bati esker gauzatuko da. Horrez gain, Andonaegiko urbanizazioaren bigarren faserako 661.400 euro aurreikusi dira, auzoaren eraldaketa sakona errealitate bihurtzeko, eta Kanpitxu urbanizatzeko proiektuaren idazketara 15.000 euro bideratuko dira. Correos inguruko orubearen urbanizaziorako, berriz, 239.000 euro jarriko ditu Udalak, gune degradatuak berreskuratu eta espazio publiko erabilgarri berriak sortzeko.

Azkenik, 149.000 euro bideratuko dira Agenda 2030aren garapenera, %82ko igoerarekin, jasangarritasun, ingurumen eta gizarte helburuak udal plangintzan egonkortzeko.

Ingurumenari dagokionez, Udalak energia eraginkortasunean jauzi handia eman du azken urtean. Horren isla da 2026ko aurrekontuan 100.000tik gora euro gutxiago inbertitu beharko dituela Udalak kaleetako eta eraikinetako energia-horniduran, azken ekitaldietan egindako inbertsioek ekarri duten aurrezkiari esker.

Ingurumenaren arloan, Klima eta Energia Planaren garapenerako 102.000 euro aurreikusi dira, %15ko igoerarekin. Besteak beste, uholde-adierazleak diseinatzea, energia-komunitate bat sortzeko aholkularitza, azpiegitura berdeak sustatzea eta Klimalab laborategia abian jartzea jasotzen dira, Pasaia erresilienteago baten aldeko pauso gisa.

Bestalde, 50.000 euro bideratuko dira Lurdes Txiki auzoan ur beltzak eta euri-urak bereizteko, saneamendu-sistema hobetuz.

Komunitatea: Pasaia aktiboagoa

Gazteen parte-hartzea eta aisialdia sustatzeko, gazteentzako jarduerek %9ko igoera izango dute, kontsumo arduratsuan ardatz jarrita. Aldi berean, Haur eta Nerabeen Eskubideak Bermatzeko udal plana %7 handituko da, eta Oinherri elkarteko bazkidetza 4.800 eurotan mantenduko da, haurren eta nerabeen eskubideak egituraz lantzen jarraitzeko. Udalekuetan zaintza ordu bat gehitzeko partida ere aurreikusi du udalak, gurasoen eskaerei jarraiki.

Parte hartzeko Sail orokorrean, berriz, %50eko igoera aurreikusi da, elkarte eta eragileekin lanketa sendotzeko, Berdintasun Kontseilua herriko eragile feministekin batera lantzeko eta barruti batzarren proiektua indartzeko.

Kirol arloan, 35.000 euro bideratuko dira instalazioak hobetzera, 21.300 euro ekipamendu berrietara, kirol-turismo aktiboa sustatzeko %66 gehiago jarriko da, eta emakumeen parte-hartzea sustatzeko partidak %20 egingo du gora.

Gazteriaren, kirolaren eta parte-hartzearen aldeko apustuarekin batera, Udal Gobernuak kulturaren, euskararen eta ondarearen biziberritzea ere lehenetsi ditu aurrekontu proiektuan, herriaren nortasuna sendotu eta komunitatearen kohesioa indartzeko.

Kultur arloan, Ciriza eraikinaren birgaitzeari ekin ahalko zaio 2026an. Horretarako, azpiegitura egokitzeko lehen lanak 300.000 eurorekin-finantzatuko dira, eta 50.000 euro jarriko dira etorkizuneko proiektua idazteko. Horrez gain, Pasaiako panorama kulturalaren diagnosi bat egiteko 25.000 euro bideratuko dira, eta Luzuriagako birgaitzearen bigarren fasearen obrek 1,8 milioi euroko inbertsioa izango dute, obrekin aurrera eginez. Horrez gain, kultur ekimenetarako beste 10.000 euro gehiago jarriko dira, sormen eta jarduera kulturala indartzeko.

Euskararen normalizazioaren aldeko lanean, helduen euskalduntzerako %32ko igoera aurreikusten da, eta herritarren aktibaziorako lanketa Oarsoaldea osora zabaltzeko %41 gehiago bideratuko da, hizkuntza-politika aktibo eta eraginkorra sendotzeko.