Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2024/12/05
Gizarte Zerbitzuak izango dira 2025erako udal aurrekontuen ardatz nagusia
Udal Gobernuak 27.3 milioi euroko proposamena aurkeztu du

Pasaiako Udal Gobernuak 27.3 milioi euroko aurrekontua aurkeztu du 2025eko ekitaldirako, izaera sozial eta eraldatzaile nabarmenarekin, pasaitarrekin hartutako konpromisoarekin bat etorriz. Aurrekontu honek barrutien beharrei erantzuteko, gizarte-politikak bultzatzeko, herri-garapen iraunkorra sustatzeko eta zerbitzu publikoak indartzeko konpromisoa islatzen du.
Zenbateko horretatik 2,7 milioi euro inguru inbertsioetara bideratuko dira, aurrekontu osoaren % 10 baino gehiago. Horien artean, nabarmentzekoak dira: 1,4 milioi Luzuriagako obretarako, 200.000 euro Andonaegiko urbanizazioaren bigarren faserako, 120.000 euro kaleko hezitzaileen lokaletan hobekuntzak egiteko, 50.000 euro haur-parkeak hobetzeko eta berritzeko, eta 33.000 euro kirol- instalazioak egokitzeko.
Gizarte Zerbitzuak, aurrekontuaren % 11
Gizarte Zerbitzuak izango dira Udal Gobernuaren 2025erako politika publikoen ardatz nagusia. Guztira 128.000 euroko hazkundearekin, 3 milioitik gora inbertituko ditu udalak datorren urtean honako ekimen hauek indartzeko: 90.000 bazterkeria-egoeran dauden pertsonentzako eguneko zentro berria martxan jartzeko eskualdean; % 50 gehiago Bizipoz proiekturako, 65 urtetik gorakoen beharrak identifikatu eta artatzeko; 20.000 euro gehiago familietan esku hartzeko; Gatazkak konpontzeko mahaia 32.000 euroz hornitzea; % 59ko igoera eguneko zentroetarako ekarpenean; 18.000 euroko partida berri bat, etxerik gabeko pertsonei buruzko diagnostikoa eta ekintza-plana egiteko; eta % 4 gehiago mugikortasun urriko pertsonentzako garraioan.
Udal-sailei dagokienez, aipatzekoa da pertsonal gastuek % 6,6ko igoera izan dutela. Gobernuak giza-baliabideak indartzearen aldeko apustua sendotu du, udal langileak funtsezkoak baitira kalitatezko zerbitzu publikoak bermatzeko. Erabaki horrek bat egiten du udal-langileek hilabete luzez egin izan duten eskaerarekin: lanpostuen balorazioa gauzatzea, hori ez baita 1987tik egin.
Udaltzaingoaren aurrekontua % 42 igo da, funtsezko hainbat neurrik bultzatuta: bertakoen txartelak jaulkitzeko partida berri bat sortzea, aparkatzeko ordenantza berria ezartzearekin lotuta. 38.000 euro nahitaezko pistolen hornidurarako, indarrean dagoen araudia betez. Halaber, larrialdien aurreko erantzuna sendotzeko, % 64 handituko da udalak Babes Zibilarekin duen hitzarmena, eta % 50eko igoera jasoko du Katubihotz elkarteari egiten zaion ekarpenak, abandonatutako animalien mesedetan.
2024an hasitako kultur programei eutsiko zaie, eta musikaren eta arte eszenikoen programaziorako ekarpena 20.000 eurotan handituko da, Pasaia erreferente kultural gisa sendotzeko asmoz. Euskara Sailari 13.000 euro gehiago emango zaizkio, eta % 48 igoko da helduak euskarara hurbiltzeko ekimenari eskainitako aurrekontua.
Gazteriako aurrekontua 80.000 euro handitu da, eta kolektibo horrentzako garapen pertsonaleko, prestakuntzako eta aisialdiko programak indartu dira. Eta haur eta nerabeen eskubideei dagokienez, aurrekontua % 6 igo da, eta Udalak bat egin du Oinherri sarearekin, haurren eta nerabeen eskubideekiko konpromisoa berretsiz.
Hirigintza arloak 1,8 milioi euroko hazkunde esanguratsua izan du, honakoak barne hartuz: hondakinen kudeaketa hobetzeko 44.000 euro; 89.000 euro Klima eta Energia Planeko ekintzetarako; 400.000 euro HAPO berriarentzat; 28.000 euro edukiontziak berritzeko.
Zerbitzu eta Mantentze-lanen Sailari dagokionez, 150.000 euro izango ditu Donibaneko saneamendurako eta aipatutako inbertsioak kirol-instalazioak egokitzeko eta haur-parkeak berritzeko, besteak beste.
Berdintasun Sailaren aurrekontua % 3 igoko da, eta 12.000 euroko partida berri bat sartu da indarkeria matxistarik gabeko jaietarako protokolo bat egiteko, udalak berdintasunaren eta politika feministen alde hartutako konpromisoaren ildotik.
Kiroleko aurrekontuak kirol jardueretarako sarbidea eta ekitatea indartzen ditu, eta hauek nabarmentzen dira: 33.000 euro kirol-instalazioak egokitzeko; % 42 gehiago emakumeek kirolean parte har dezaten sustatzeko dirulaguntzetan; % 13 gehiago eskola-kirolerako. Eta igoera esanguratsuak Don Bosco eta Trintxerpeko futbol-zelaiak mantentzeko.
Pasaiako Udalaren 2025erako aurrekontuak pertsonen ongizatearekin, jasangarritasunarekin eta berdintasunarekin konprometitutako kudeaketaren isla dira. Gizarte-zerbitzuetako aurrekontua nabarmen handituta, gobernu honek lanean jarraituko du udalerri bidezkoago eta inklusiboago bat eraikitzeko.