Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2024/05/21

Pasaiak “Erremontari Herriz Herri” jaialdian parte hartuko du

Irailaren 15ean egingo dute emanaldia Pasai Antxoko Ibaiondo pilotalekuan

2023an hasi eta 2024an jarraipena izango duen Erremontari Herriz Herri proiektuak geldialdia egingo du Pasaian estreinakoz. Emanaldia irailaren 15erako hitzartu dute, eta Pasai Antxoko Ibaiondo pilotalekuan izango da.

ETBren laguntzarekin, Erremontari saioa erremontea euskal herritarren artean ezagunago egiteko helburuz jaio zen. Aurten urrats bat aurrera egin nahi izan du antolakuntzak sekula baino udalerri gehiagorekin hitzartuz emanaldiak (hamazazpi guztira); tartean, Pasaiarekin.

«Erremontea gure herrian ezagunagoa bihur dadin aukera paregabea da jaialdia», poztu da Julen Rodriguez Aboy Pasaiako Kirol zinegotzia. «Horrez gain, saioari esker beste euskal herri batzuk ezagutu ahalko ditu jendeak kirol hau modu zuzen eta ikusgarrian jarraituz», gehitu du.

Erremontari Herriz Herri jaialdiaren helburu nagusia erremontea zabaltzea eta jendearengana hurbiltzea izanik, Antxoko emanaldia doakoa izango da. Bertan, bi partida jokatuko dira set formatuan, eta zinegotziak adierazi du data hurbildu ahala emango dituela emanaldiari buruzko xehetasun gehiago Pasaiako Udalak.

Jaialdiaren aurkezpenean parte hartu dute hamazazpi udaletako ordezkariek, ETBko Joseba Urkiola Kirol zuzendariak; Azahara Dominguez Aldundiko Mugikortasun, Turismo eta Lurralde antolaketako diputatuak; Iñigo Garcia Turismo Zuzendariak; eta Xabi Gonzalez Oriamendiko gerenteak. Honakoak dira aurtengo denboraldian proiektuarekin bat egin duten herriak: Aizarnazabal, Bergara, Urnieta, Lekunberri, Andoain, Hondarribia, Ordizia, Altsasu, Pasaia, Zumarraga, Villabona, Hernani, Beasain, Arrasate, Zestoa, Errenteria eta Zumaia.