Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2022/04/20

Atsolorra, amatasuna feminismotik hizpide

Maiatzaren 3an eta 17an, Donibaneko kultur gunean

Atsolorra, XVI. mendean Eliza Katolikoak bataioaren betebeharra ezarri aurretik jadanik, Euskal Herrian egiten zen jaiotza-erritu bat zen. Auzoko edo inguruko emakumeak, ama izandakoari laguntza txiki bat eskaintzeko, haurra jaiotako baserrira joaten ziren eta etxekoek trukean, bisita eskertzeko, afari-merienda ematen zieten bisitariei. 

Emakumeen espazioak ziren elkarguneak berreskuratu eta amatasuna ikuspegi feministatik lantzeko asmoz, Parean Elkarteak sortutako egitasmoa da Atsolorrak. Honakoa, amentzat (edo ama izan gabe amatasunaz aritu nahi duten emakumeentzat) eraturiko espazioa izango da, amatasunaren eta gaiaren inguruan emakumeek dituzten kontraesanen inguruan hausnartu eta amatasun feminista baterantz pausoak emateko bidea definitzea ahalbideratuko duena. Horretarako, askotarikoak izango dira elkargune horietan landuko diren gaiak, hala nola, amatasuna perspektiba feministatik, amatasunaren eta feminismoaren arteko harremana edota amatasunak espazio parte-hartzaile zein militantzia feministan duen eragina. 

Era horretan, Gipuzkoako lau eremu ezberdinetako taldeekin burutuko da dinamika. Pasaian maiatzaren 3an eta 17an izango dira saioak, 17:00tatik 18:30era, Donibaneko kultur gunean. Betiere, emakumeentzat erosoa eta segurua den espazio bat sortzea bilatuko da, euren beharretara egokituz, ordutegiari dagokionez malguak izanik eta zaintza zerbitzua edota ume jaioberriekin joateko aukera eskainiz. Beraz, amatasun feminista hizpide izanik, aurrerapausoak emateko bidea landu eta eraikitzeko elkargune honetan parte hartu nahi duten emakume guztiek izango dute bertaratzeko aukera. 

Izena emateko idatzi berdintasuna@pasaia.net helbidera.