Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2026/05/21

“Ategorrietan Fisterra” izeneko komikia aurkeztuko da Pasaian maiatzaren 27an

XX. mendean Euskal Herrian langileen aurka egindako sarraski handienaren memoria marraztu dute

1931ko maiatzaren 27an Pasaiako arrantzaleen kontra oldartu, eta zazpi lagun hil zituen Guardia Zibilak Donostiako Ategorrietan.

Omenaldi gisa, ARGIA argitaletxeak Ategorrietan Fisterra izeneko komikia argitaratu du, Pasaiako Udalaren babesarekin, sarraskiaren 95. urteurrenean. 210 orriko lan honekin batera, biniloa ere kaleratu da, bi kantu berrirekin.

Ilustrazioak Malen Gainzarainek egin ditu eta gidoiaz Beñat Apalategi, Lander Arbelaitz eta Markel Ormazabal arduratu dira. Koldo Izagirrek hitzaurrea eta amaierako poema idatzi ditu, eta komikiko elkarrizketen idazketa-aholkulari izan da. Komikiarentzako soinu-banda bat ere sortu da, binilo formatuan eskuratu ahal izango dena. Bi abesti dira, biak elkarlanean konposatuak, Niña Coyote eta Chico Tornado, Bala, Gailu eta Nakar taldeetako kideen parte-hartzearekin.

Komikiak iruditik bezainbat du nobelatik, baina hortik harago doan artefaktua da, dokumentazio lan handia egin baita, eta Ategorrietan eraildako José Novo galiziarraren senideei egindako elkarrizketa bezalako testigantzek, mapa kronologikoek, argazkiek, Beñat Gaztelumendiren koplek eta pertsonaia ezagunen inguruko pasarteek osatzen eta aberasten dute liburua.

Komikiaren aurkezpena maiatzaren 27an (asteazkena) egingo da Trintxerpeko liburutegian 19:00etan, eta saioa irekia izango da herritar guztientzat.

Omenaldi instituzionala goizean Trintxerpen

Udal gobernuak hartutako konpromisoari jarraikiz, eta azken 2 urteetan bezala, maiatzaren 27an ekitaldi instituzionala egingo dute Pasaiako ordezkari politikoek eta eragileek.

Ekitaldia 11:30ean hasiko da gertakarien abiapuntua izan zen Trintxerpeko Alkateordetzaren ondoan. Iaz herriko bi sortzailek, Julen Lazkanok eta Joritz Lizarbek, diseinatutako plaka oroigarria jarri zuen Udalak fatxadan, gertakarien kontakizuna laburtzen zuena. Aurten, omenaldiaz eta lore-eskaintzaz gain, Nora Gondat artista antxotarrak zuzenean egingo du urteurrenerako ondu duen sorkuntzaren adierazpen artistikoa.