Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2026/05/27

Ategorrietako sarraskiaren 95. urteurrena gogoratu du Pasaiak memoria, aitortza eta sorkuntzaren bidez

Pasaiako ordezkari politiko eta eragileek Guardia Zibilak tiroz hildako manifestariak oroitu dituzte

95 urte bete dira Ategorrietako sarraskia gertatu zenetik. 1931ko maiatzaren 27an, Pasaiako portuko hainbat arrantzale, euren senide eta seme-alabekin batera, Trintxerpetik Donostiara abiatu ziren manifestazio batean, “gure seme-alabentzako ogia eta lankideentzako askatasuna” aldarrikatzen. 

Donostiako Ategorrietako erlojuaren parean Guardia Zibilarekin topo egin zutenean, manifestarien aurka tiro egin zuten zaldi gainean zihoazen poliziek, eta hainbat langile hil eta beste batzuk zauritu zituzten.

Azken urteotan, Pasaiako Udalak memoria ariketa kolektibo gisa gogoratu izan ditu askorentzako ezezagunak ziren gertakari horiek. 2023an udal gobernu berria osatu zenetik, Teo Alberro alkatearen ekimenez, erakundeak konpromiso irmoa hartu du Ategorrietako sarraskian hildako eta zauritutako langileen memoria berreskuratu, aitortu eta belaunaldi berriei transmititzeko.

Ildo horretan, lehen urtean oroimenezko plaka bat jartzeko konpromisoa hartu zuen Udalak; 2025ean Julen Lazkano eta Joritz Lizarbe sortzaileek diseinaturiko plaka inauguratu zen Trintxerpeko Alkateordetzaren fatxadan, eta aurten berriro ere lore-eskaintza eta oroimen ekitaldia egin dira, hildakoen oroimena bizirik mantentzeko borondatez.

Ekitaldia Alkateordetzaren eraikinaren aurrean egin da, manifestazioaren abiapuntua izan zen leku berean. Teo Alberro Pasaiako alkateak azpimarratu du memoria demokratikoa “herrien duintasunarekin eta etorkizunarekin lotutako ariketa” dela. Halaber, gogorarazi du instituzioen ardura dela urte luzez isilarazi edo bazterrean utzitako pasarteak argitara ekartzea: “Langile haiek askatasuna, jana eta bizi baldintza duinak aldarrikatzen zituzten. Gaur, haien memoria berreskuratzea ez da soilik iraganari begiratzea; gaurko eta biharko belaunaldiei gertakariok transmititzea ere bada”.

Alkatearen ondoren, Pasaiako Udalbatza osatzen duten talde politiko guztietako (EH Bildu, Podemos, EAJ eta PSE-EE) ordezkariek adostutako adierazpen instituzionalaren pasarte bat irakurri dute. Jarraian, udal ordezkariek, Fato Cultural Galego Daniel Castelao elkarteko kideek eta bertaratutako beste ordezkari nahiz herritarrek lore-eskaintza egin dute.

Aurtengo ekitaldiak sorkuntza artistikoa ere izan du ardatz. Nora Gondat artista antxotarrak urteurrenerako espresuki sortutako esku-hartze artistikoa aurkeztu du zuzenean, paste up teknikaren bidez egindako murala Trintxerpeko Alkateordetzako horman bertan itsatsiz. 

Alkatearen esanetan, “arteak ere memoria egiteko, kontakizunak transmititzeko eta herri baten zauri eta borrokekin konektatzeko balio du. Izan ahoz, idatziz, edo beste edozein sorkuntza moduren bidez, giza eskubideen urraketak pairatu zituzten herritarren aitortza eta duintasuna aldarrikatzen jarraituko dugu, etorkizun justuago bat eraikitzeko”.

Komikiaren aurkezpena

Aurtengo memoria-ariketa borobiltzeko beste hitzordu garrantzitsu bat  antolatu du Pasaiako Udalak. Gaur, maiatzak 27, Trintxerpeko Alkateordetzan,  Ategorrietan Fisterra komiki liburua aurkeztuko da, ARGIAk argitaratu eta Pasaiako Udalak babestutakoa.

Liburu horretan 1931ko gertakarien atzean zegoen errealitate sozial eta politikoa islatu dute sortzaileek, fikziozko hainbat protagonistaren bidez. Ezinbesteko urratsa hildako eta zauritutako langileen, nahiz euren senide eta gertukoen, memoria oroitzeko eta ohoratzeko.

ADIERAZPENA

Ategorrieta Sarraskia 95.urteurrena