Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2025/05/27
Ategorrietako sarraskian hildakoen omenezko plaka inauguratu du alkateak
1931ko maiatzaren 27an Ategorrietan Guardia Zibilak tiroz hildako manifestariak oroitu dituzte Pasaiako ordezkari politiko eta eragileek

2025eko maiatzaren 27an, 94 urte bete dira Ategorrietako sarraskia gertatu zenetik. 1931ko egun hartan, Pasaiako portuko hainbat arrantzale Trintxerpetik Donostiara abiatu ziren manifestazio batean, “gure seme-alabentzako ogia eta lankideentzako askatasuna” aldarrikatzen. Donostiako Ategorrietako erlojuaren parean Guardia Zibilarekin topo egin zutenean, manifestarien aurka tiro egin zuten zaldi gainean zihoazen poliziek, eta hainbat langile hil eta beste batzuk zauritu zituzten.
Pasaiako Udalak, iaz hartutako konpromisoa betez, oroimen-ekitaldia egin du gaur goizean gertakarien abiapuntua izan zen Trintxerpeko alkateordetzaren fatxadan plaka oroigarri bat jarriz. Plaka Joritz Lizarbe eta Julen Lazkano antxotarrek diseinatu dute, eta bertan jasota dago, labur, gertakarien kontakizuna.
Ekitaldia Teo Alberro Pasaiako alkatearen hitzartzearekin hasi da, eta hark gertakarien testuingurua azaldu eta “Euskal Herriko langileen aurka izandako gertakari larrienetako baten oroimenaren eta gaitzespenaren garrantzia” azpimarratu ditu. Ondoren, Pasaiako Udalbatza osatzen duten talde politiko guztietako (EH Bildu, Podemos, EAJ eta PSE-EE) ordezkariek adostutako adierazpen instituzionalaren pasarte bat irakurri dute.
Amaitzeko, udal ordezkariek, Fato Cultural Galego Daniel Castelao elkarteko kideek eta bertaratutako herritarrek lore eskaintza egin dute oroigarriaren aurrean.
Teo Alberro alkatearen hitzetan, “1931ko maiatzaren 27an Pasaiako portuko arrantzale eta langileek Donostiarako bidea hartu zuten protesta baketsu batean. Gertakarien abiapuntuan kokatutako plaka honen bidez, Pasaiako Udaletik hildakoei, zaurituei nahiz horien gertuko eta senideei aitortza egin nahi diegu”.
ADIERAZPEN INSTITUZIONALA







