Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2026/11/04
Unibertsorako bidaia Donibanetik
Astronomiako 35. Jardunaldien barruan, Aranzadi Zientzia Elkarteak zuzeneko behaketa saioa egin zuen Juanba Berasategin

Joan den ostiralean, Donibaneko Juanba Berasategi auditoriuma unibertsorako leiho bihurtu zen. Aranzadi Zientzia Elkarteak Calar Altoko Behatokiarekin zuzeneko konexioa egin zuen. Saioa Ana Guijarro Calar Altoko Behatokiko astronomoak eta Aranzadi Zientzia Elkarteko Virginia Garcíak eta Iñaki Ordoñezek gidatu zuten. Saioak aretoa bete zuen.
Calar Altoko Behatokia Almeriako Sierra de los Filabres mendilerroan dago, itsas mailatik 2.100 metro baino gehiagora. Saioan erabili zuten teleskopioa behatokian instalatu zuten lehena izan zen, eta 1975ean hasi zen lanean. Ispilu nagusiak 1,23 metroko diametroa du, eta oso urrun dauden objektuen argia biltzeko aukera ematen du. Teleskopioa urrunetik kontrola daitekeenez, bertaratutakoek auditoriumetik bertatik jarraitu ahal izan zituzten behaketak zuzenean.
Saioan bi nebulosa planetario ikusi zituzten (M57 Eraztunaren nebulosa eta M27 Dumbbell nebulosa), baita Esne Bidearen antzeko NGC 7331 galaxia espirala eta bi izar multzo ere (M15 eta M103).
Saioa amaitzeko, teleskopioa Saturnora zuzendu zuten. Bertaratutakoek planeta eta haren eraztunak ikusi ahal izan zituzten, Donibanetik mugitu gabe.








