Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2025/12/05

Pasaiako Udalak Andonaegi auzoko asfaltatzea hobetu du

Lanak Oiartzun, Urgull, Tokia Alai eta Andonaegi kaleetan egin dira

Pasaiako Udaleko Obra eta Zerbitzu Sailak Andonaegi auzoko asfaltatzea hobetzeko eta konpontzeko hainbat lan egin ditu azken egunotan. Lanak Oiartzun, Urgull, Tokia Alai eta Andonaegi kaleetan egin dira; esku-hartze integrala egiteko premia ikusi baitzen Pasaia Berritzen planean jasotako fatxadak birgaitzeko lanetan jarritako aldamioak kendu ondoren.

Behin eraikinetan birgaitze-lanak bukatuta, bide publikoa garbi geratu zen, eta zoladuran, areketan eta zoruan hobekuntzak egin beharra ikusi zen. Horretarako, Udalak kanpoko enpresa espezializatu bat kontratatu du, eta atzo amaitu zituzten lanak.

Honako lan hauek egin dira zehazki: gunerik kaltetuenetan zoladura moztu eta eraitsi, gainazala profilatu eta trinkotu, eta, ondoren, aglomeratua berotan jarri. Era berean, hainbat areka, kutxatila eta hustubide konpondu dira, drainatzea hobetzeko eta euri-urak biltzeko sarearen egoera ona bermatzeko.

Prozesu osoan zehar, lanak Udaltzaingoarekin koordinatu dira, oinezkoei eta inguruko zirkulazioari ahalik eta traba gutxien eragiteko.

Esku-hartzeen zenbateko osoa hau da: 30.547,23 euro + BEZ.

Horrela, Pasaiako Udalak espazio publikoa hobetzeko eta udalerriko azpiegiturak egoera onean mantentzeko konpromisoarekin jarraitzen du.