Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2019/02/20

Irudi berria Arrokaundieta aterpetxearen barruan eta kanpoan

Piraten munduan girotua dago

Urtxintxa Eskolak kudeatu eta Pasaiako Udaleko Gazteria Sailaren ardurapean dagoen Arrokaundieta Gazte Aterpetxeak kanpoko eta barruko irudia berritu du, bi artista bikainek margoturiko pintura ikusgarriekin. Margolanak aterpetxearen ardatz den piraten munduan giroturikoak dira.

Izaskun Gomez alkateak adierazi du pintura horiekin bukaera eta azken ukitua eman diogula azken bi urteetan aterpetxearen instalazioak hobetzeko eta modernizatzeko egin dugun prozesuari. Lanek Aldundiko Gazteria Departamentuaren finantziazioa izan dute, hain zuzen ere, 150.000 eurokoa.    

Askotariko obrak egin dira: modernizaziokoak, segurtasunekoak eta irisgarritasunekoak, hala nola, komun eta dutxen irisgarritasuna ziurtatzeko obrak; era berean, haur eta gazteen egonaldietarako aterpetxe eta instalazioen antolamenduari buruzko dekretura egokitzeko obrak.

Bide publikoan eta ekipamenduetan kontsumo energetikoari buruz egiten ari garen azterketa-prozesua kontuan izanik, kasu honetan neurriak ezarri ditugu, eraikinaren kontsumo energetikoa murrizteko: galdara berria; led sistema argiztapenean, energia aurrezteko; eta panel termikoen instalazioa, gas kontsumoa murrizteko.

Bestalde, alkateak adierazi du nabarmendu beharrekoa dela eskailera-igogailua instalatu dela, mugikortasun arazoak dauzkaten haur eta gazteak logeletara modu erosoan igo ahal izateko; hartara, pertsona horien inklusioa bultzatzearren.

Gainera, suteen aurkako araudira egokitzearren, su-detektagailu berriak jarri dira, eta baita suaren aurkako ateak ere solairu guztietan; konpostagailuak jarri dira; eta jolas gunea ere berritu da, bertara joaten direnek inguruneaz ahalik eta hobekien goza dezaten.

Zalantzarik gabe, hobekuntza eta neurri horiekin guztiekin "alderdi guztietan esku hartu dugu, eta aterpetxe seguruago, politago eta jasangarriagoa lortu dugu.  Jaizkibelgo paraje zoragarrian kokatutako aterpetxe hau erreferente inportantea da gure udalerriaren ezagutzarako, eta baita gure kultur eta natur ondarearen ezagutzarako ere. Abian ditugun pedagogia eta aisialdi arloko egitasmo guztiekin gure txikiak eta gazteak era ludikoan murgiltzen dira gure udalerriaren historian."

Jarduketa honek, Antxoko gazteleku berriarekin eta abian den Donibaneko gazteleku berria egokitzeko jarduketarekin batera, gure txiki eta gazteen gozamenerako ekipamenduak nabarmen hobetzeko balio dute; instalazio duinak jartzen ditugu euren zerbitzura, ikasteko eta gozatzeko. Instalazio horietan egindako hobekuntzak, eta kultura eta kirol instalazioetan egindakoak ziren, hain zuzen ere, legegintzaldiaren hasieran neure buruari jarritako helburuetako bat.