Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2025/10/24
Udal egutegirako argazki lehiaketaren irabazleak 500 euroko saria eskuratu du Pasaiako establezimenduetan gastatzeko
Xanti Esnaola antxotarrak jaso du saria Udalaren eta Laurak Baten eskutik

Xanti Esnaolak badu bere saria. Laurak Bat Merkataritza, Ostalaritza eta Zerbitzuen Elkarteak Pasaiako Udalaren laguntzarekin antolatutako argazki lehiaketa irabazi du antxotarrak. "Laurak Bat dira" izeneko bere argazkia izango da 2026ko udal egutegiaren azala.
Antxoko zinegotzi arduradun eta alkateorde Mikel Garcia Peñilek eta Laurak Bateko lehendakari Mari Carmen Mogilnickik 500 euroko balea eman diote Laurak Bat elkarteko Pasaiako dendetan gastatzeko.
"Argazki asko eta maila handikoak jaso genituen, baina epaimahaiak Pasaiako lau barrutietako eguneroko bizitza islatzen duen argazki baten alde egin zuen" adierazi du Mikel Garciak.
Argazki irabazlea aukeratzeko epaimahaia Laurak Bateko zuzendaritza batzordeko kideek eta udal teknikariek osatu dute. Nabarmentzekoa da lehiaketa erabat anonimoa zela argazki irabazlea aukeratu arte.
Mari Carmen Mogilnickik adierazi duenez, "lehenengo eta behin, eskerrak eman nahi dizkiogu Udalari lehiaketa hau aurrera eramateko aukera emateagatik. Oso ekimen polita da, egutegia pasaitarren etxe eta bulegoetan egongo baita. Pozik gaude irabazlea pasaitarra izan delako, nahiz eta lehiaketa herritar guztientzat irekita egon. Laurak Batetik 4 barrutietako bizitza sustatzen dugu beti eta argazki irabazleak ezin hobeto erakusten du hori."
Xanti Esnaolak azaldu duenez, "argazki batzuk aurkeztu nituen, guztiak Pasaiako toki bereizgarrietako muntaiak ziren. Zortea izan nuen, lehiaketa hau antolatu zela jakin bezain laster, nire kamera hartu eta Pasaiako 4 barrutietan barrena joan nintzelako, eta sekulako eguraldia egin zidan. Oso pozik nago sari hau jasotzeagatik, oso 2025 positiboa izaten ari da niretzat, besteak beste, aitona izango naizelako eta oso gauza politak gertatzen ari zaizkidalako. Sari honek amaiera bikaina eman dio urteari".
Bere saria nola gastatuko duen galdetuta, "ez daukat zalantzarik, Laurak Bateko dendetan hainbat gauza dauzkat fitxatuta, oraintxe bertan hainbat gauza erosiko ditut. Saria familia osoarekin partekatuko dut". Saria emateko ekitaldian, alabetako bat eta emaztea izan ditu lagun.
Amaitzeko, Mikel Garciak honako adierazi du: "Dagoeneko prestatzen ari gara, bigarren urtez jarraian, datorren urteko udal egutegia. Urtearen amaieran pasaitar guztiek erosi ahal izango dute".






