Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2023/09/22

Aldundiak “Emakumeok Mugimenduan” APP berri bat garatu du. Aurkezteko bira Pasaiatik abiatuko da

Irailaren 25etik 29ra lau barrutietan

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Departamentuak, Kirol Zuzendaritzaren bitartez, emakumea eta kirola programaren baitan, Emakumeok Mugimenduan egitasmoa jarri zuen abian 2021ean. Ekimen honen oinarrian dago EHUko Hezkuntza eta Kirol Fakultateko ikerlariek egindako azterketa, 18 eta 64 urte arteko emakumeen aisialdiko jarduera fisikoa eta kirol ohiturak neurtu zituena; izan ere, emaitza esanguratsuak eskaini zituen azterketak: Gipuzkoako ia 4.000 emakumeri egindako galdeketaren arabera, 3 emakumetik 1 ez da aktiboa, astean 120 minutu baino gutxiagoz egiten baitu kirola (Osasunaren Mundu Erakundearen gomendioaren azpitik). 

Errealitate horren aurrean, Gipuzkoako emakumeak ahalduntzeko ekimena jarri zuen martxan Aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Departamentuak: Emakumeok Mugimenduan. Emakume orok mugimenduarekin bat egitea du helburu egitasmoak, mugimendua adierarik zabalenean ulertuta, alegia, oinarritik eliteraino; eta aktibotasun hori bistaratzeko eta laguntzeko dinamikak, proiektuak eta ekimenak biltzen dituen programa garatu du.

Programa horren baitan, eguneroko jarraipena egiteko eta emakumeen aktibotasuna sustatzeko APP-a aurkeztu du Aldundiak, Emakumeok Mugimenduan APPa. Aplikazioa ezagutarazteko eta herritarrei hurbiltzeko asmoz, Txita ibiltaria Gipuzkoan barrena ibiliko da irailetik azarora, eta hilaren 25ean Pasaian hasiko du ibilbidea.

Bi dinamizatzailek lagunduta, herriotan ibiliko da Txita 10:30-13:30 eta 15:30-18:30 artean, eta interesa duen orok izango du dinamizatzaileekin hitz egiteko eta aplikazioaren ingurukoak ezagutzeko aukera.

Horrez gain, Txitaren etorrerarekin bat eginez, Pasaiako Udalaren Jarduera Fisikoa eta Kirolaren Sailaren ekimenez, hainbat jarduera antolatuko dira egunotan.

Donibaneko eta Trintxerpeko kirol guneetan doako sarrera izango dute emakumeek irailaren 25ean, eta asteartean hasi eta ostiralera bitarte, ate irekien jardunaldiak egingo dira herriko emakume korrikalarien eta palisten taldeetan.

Hau izango da programa:

  • Irailak 26: Emakume korrikalariak. 19:30ean Antxoko Ibaiondo frontoian.
  • Irailak 27: Emakume korrikalariak. 18:30ean Donibaneko kirol gunean.
  • Irailak 28: Emakume korrikalariak. 19:30ean San Pedroko gimnasioan.
  • Irailak 29: Emakume palistak. 18:00etan Antxoko Ibaiondo frontoian.

Nola lortu Emakumeok Mugimenduan aplikazioa

Baina, zer eskaintzen du APPak?

Emakumeok Mugimenduan IOS zein Android sistema operatiboetan erabilgarria den doako aplikazioa da. Bi helburu nagusi ditu: batetik, Gipuzkoako emakumeei egunerokoan egiten duten jarduera fisikoa erregistratzeko aukera eskaintzea, horren bidez, haien ohituretan eragiteko eta haiek motibatzeko; eta bestetik, mugimenduarekin bat egiten duten emakumeen sarea eratzea, ikerketaren bidez detektatu ziren mugak (hala nola, bidelagun falta, denbora falta, estereotipoak edo beldurrak) gainditzen laguntzeko.

Helburu horiek lortzeko, hainbat baliabide eskaintzen ditu aplikazioak:

Erregistroa

Jarduera fisikoa egiteko modu asko daude: oinez, korrika, dantzan, igerian, pedalei eraginez, eguneroko zereginetan, bakarka edo taldean, kiroldegietan, kalean ala naturan… Mugimendu oro da garrantzitsua, eta mugimendu orok batzen du. Horiek guztiak erregistratzeko aukera eskaintzen du aplikazioak, eskuz zein GPSa konektatuta, eta egindako ariketa mota, data eta ordua, ariketa egiten pasa den denbora eta nola sentitu diren zehazteko aukera dute bertan erabiltzaileek. Horrela, oso erraza da jardueren jarraipena egitea, eta ezarritako helburuak, edozein direla ere, betetzeko egindako bidea ikustea eta balioan jartzea.

Agenda

Emakumezkoei eta kirolari lotuta lurraldean antolatzen diren jardueren agenda eguneratua jasotzen du aplikazioak, eta ekimen bakoitzera lotura zuzena eskaintzen du. Era horretan, antolatutako ekintzetan izena emateko aukera izango dute erabiltzaileek, eta antolatzen diren jardueren aniztasuna kontuan hartuta, kirol berriak probatzeko eta jende berria ezagutzeko baliabideak izango dituzte eskura.

Jardueren gomendioak

Gustuko lekuan, aldaparik ez. Eta kirolean ere, berdin: nork bere gogoko kirola aurkitutakoan, errazagoa da jardueraz disfrutatu eta jarraipena ematea. Horregatik, Gipuzkoan praktikatu daitezkeen jardueren zerrenda eskaintzen du aplikazioak, eta bakoitzaren ezaugarriak, onurak, kostua eta beharrezko ekipamendua azaltzen ditu, besteak beste. Bakarka zein taldean egiteko kirolak dira, erabiltzaileei aukera ezberdinen berri emateko.

Emakumezkoen istorioak

Mugimenduarekin bat egitera animatzeko eta egoera berean dauden emakumeen testigantzak ezagutzeko, Istorioak izeneko atala du aplikazioak. Adin, jaioterri, ohitura eta gustu ezberdinak dituzten emakumeen gogoetak jasotzen ditu, eta kirolarekin duten harremanaren eta ohituren bidez, Gipuzkoaren egungo errealitatearen argazkia eskaintzen du. Atal honen helburua da erabiltzaileei taldearen indarra sentiaraztea, eta aurrera jarraitzeko motibazioa ematea.

KOZ zerbitzua (Kirol Orientazio Zerbitzua)

Aplikazioaz gain, jarduera fisikoari edo kirol praktikari buruzko laguntza eta orientazioa behar duten herritarrentzat KOZ - Kirol Orientazio Zerbitzua eskaintzen duten doako 33 zentro daude aktibo uneotan Gipuzkoako 21 udalerritan. Pasaiako kasuan, Udaleko Jarduera Fisikoa eta Kirolaren Saila arduratzen da zerbitzu honen kudeaketaz. KOZ zerbitzuaren inguruko informazioa ere emango dute dinamizatzaileek.