Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2024/10/09
Aparkalekuen Ordenantza berria aurkezteko bilerak
Urriaren 14, 15, 16 eta 17an, lau barrutietan
Pasaiako Udalak Aparkalekuen Ordenantza berria argitaratu du, eta araudi berria aurkezteko barruti bakoitzean deitutako bilera irekien datak jakinarazi ditu.
Araudi berriaren testua hainbat fasetan idatzi da. Ekainean batzar irekiak egin ziren lau barrutietan, bizilagunei ordenantzaren lehen proposamenaren berri emateko eta herritarren ekarpenak jasotzeko. 200 pasaitarrek baino gehiagok parte hartu zuten bilera horietan. Dena den, bilera horiek beste prozesu zabalago baten parte izan ziren. Izan ere, bilerez gain, paperean zein online formularioen bidez kontsulta egin zitzaien herritarrei.
Udal Gobernuak oso positibotzat jo du ekarpenen 120 formulario baino gehiago jaso izana. Ekarpenak banan-banan aztertu dira eta horiek ordenantzan txertatzeko aukerak baloratu dira. "Proposamenen tonua oso eraikitzailea eta aberasgarria izan da", azpimarratu du alkateak, "eta hori eskertzekoa da aparkalekua bezalako gai zail batean. Ideia berriak eman dizkiguten eta beste batzuk birplanteatzera bultzatu gaituzten ekarpenak bildu ditugu, eta, beraz, funtsezkoak izan dira proposamenok araudia hobetzeko, eta ordenantza herritarren beharretara egokitzeko".
Behin betiko ordenantzaren aurkezpena
Parte-hartze prozesuaren emaitzak herritarrei itzultzeko eta ordenantzaren azken testua aurkezteko asmoz, beste bilera sorta bat antolatu da lau barrutietan. Hona hemen datak eta lekuak:
- Urriak 14, San Pedro (Erti, Udal Aretoa)
- Urriak 15, Donibane (Erabilera anitzeko aretoa)
- Urriak 16, Antxo (Kultur Etxea)
- Urriak 17, Trintxerpe (Alkateordetza)
Bilera guztiak 18:30ean hasiko dira. Topaketa horietan, zehatz-mehatz azalduko dira bertakoen txartela lortzeko baldintzak, barruti bakoitzean zehaztutako aparkaleku motak eta eremuak, bai eta txartela lortzeko eta araudia indarrean sartzeko epeak ere.
Bertakoen egunerokotasuna hobetzeko ordenantza bat
"Araudi honen helburu nagusia da Pasaian aparkalekua antolatzea, betiere barruti bakoitzean bizi diren pertsonei lehentasuna emanez", aipatu du Mikel Garcia Mugikortasun zinegotziak. "Ordenantzak aldaketa nabarmena ekarriko du herritarren egunerokoan, batez ere, lanetik itzultzean gaur egun aparkaleku bila orduak ematen dituztenentzat".
Aparkaleku-sistema diseinatzeko garaian, eskuragarri dagoen espazioa modu bidezkoagoan banatu da, oinezkoentzako guneak errespetatuz eta ibilgailu bisitarien zirkulazioa hiriguneetatik kanpo utziz.
Ordenantza udal webgunean argitaratu da jada, bizilagunek bileretara joan baino lehen hori kontsultatzeko aukera izan dezaten. "Nolanahi ere", argitu du alkateak, "jakin badakigu Pasaiako mugikortasunaren eta aparkalekuaren errealitatea oso konplexua dela, eta araudi honek doikuntzak eta aldaketak beharko dituela etorkizunean. Malgutasun horri esker, aparkaleku-sistema berriaren funtzionamendua egokitzen eta optimizatzen jarraituko dugu, herritar guztien onerako".