Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2024/06/21

Aparkalekuen araudiaren lehen proposamena herritarrekin lantzeko batzarrak egingo ditu Pasaiako Udalak

Ekainaren 26tik uztailaren 3ra bitartean, lau barrutietan

Ordenantzaren lehen zirriborroa barrutika aurkeztuko diete udal gobernuko kideek bizilagunei. Ekarpenak egitera hurbiltzeko deia egin du Teo Alberro alkateak.

Pasaiako Udalak herriko aparkalekua arautzeko ordenantza proposamenaren lehen zirriborroa aurkeztuko die herritarrei. Teo Alberro Bilbao alkateak iragarri du testuaren helburua, ñabardurak-ñabardura, argia dela: “Udalerrian dauden aparkaleku eremuak arautzea, horien erabilera optimizatzeko, betiere Pasaiako egoiliarrentzako aparkalekuak lehenetsiz”.

Araudiaren aurkezpena barrutiz barruti egingo dute datozen egunotan udal gobernuko kideek, Mikel Garcia Peñil Mugikortasun zinegotziak berri eman duenez: “Batzarretan Pasaiarako diseinatu dugun proposamen orokorra aurkeztuko diegu bizilagunei, eta barruti bakoitzeko egoera, behar eta aukerak aztertuko ditugu bertako bizilagunekin”. Zinegotziak ohartarazi du “oinarrizko testua” dela ondu dutena, eta lehen batzar hauek “abiapuntu gisa” irudikatu dituela gobernuak, araudia martxan jarri bitarteko bidea herriarekin batera jorratzeko.

“Erpin askoko gaia da aparkalekuarena, eta nahiko genukeena baino mantsoago aurrera egiten ari bada ere, badugu egoera hobetzeko proposamen bat, eta herritarrekin partekatu nahi dugu hori”, zehaztu du alkateak. Proposamena partekatzeaz gain, euren ahoetatik planteatzen dituzten aukera desberdinak jasotzea funtsezkoa dela azpimarratu du Alberrok. “Badira legeak behartuta hartu beharreko neurri batzuk, baina erabakitzeko aukera zabalik uzten duten xehetasunak pasaitarrekin batera kontrastatzea funtsezkoa da gure egunerokoan halako inpaktua izango duen araudi baterako”, mintzatu da Mugikortasun arloko arduraduna.

Bilkuretan aurrera begirako pausoen berri ere emango diete bizilagunei. Hori horrela, bertaratzeko deia egin die alkateak bizilagun guztiei: “Jakin badakigu aparkatzeko aukerak gure egunerokoan baldintzatzaile zaizkigula pasaitarroi eta kezka handia dagoela, normala denez, gai honen inguruan. Beraz, garrantzitsua da ahalik eta bizilagun gehienok parte hartzea aurreikusitako bileretan”.

Aparkalekuaren erronka lantzeko batzarrak

  • Ekainak 26, asteazkena, 19:00etan, San Pedroko Erti udal aretoan.
  • Ekainak 27, osteguna, 19:00etan, Trintxerpeko Alkateordetzan.
  • Uztailak 1, astelehena, 19:00etan, Antxoko Kultur Etxean.
  • Uztailak 3, asteazkena, 19:00etan, Donibaneko Kulturguneko Gela balioanitzean.