Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2025/05/21
Aparkatzeko bertakoen txartelak eska ditzakete dagoeneko lehen sektoreko bizilagunek
Azkuene 42ko, Donibane kaleko nahiz San Pedroko Torreatzeko bizilagunei eragingo die lehen faseak
Eskaera horiek uztailaren 7ra bitarte (egun hori barne) aurkeztu ahal izango dituzte aipatutako eremuetan bizi diren pasaitarrek. Ordenantza, berriz, hurrengo egunetik aurrera (uztailaren 8an, asteartea) sartuko da indarrean eta, beraz, besteak beste, bertakoen txartela dutenek soilik aparkatu ahal izango dute B eta R batekin seinaleztatutako eremuetan. Torreatze eta Donibane kalearen kasuan, ordea, soilik gaueko ordutegian aparkatu ahal izango da.
Aparkatzeko bertakoentzako txartelak modu telematikoan Pasaiako Udalaren egoitza elektronikoaren bidez nahiz aurrez aurre HAZ bulegoetan eska daitezke. Horretarako, eskaera-orria bete eta aurkeztu beharko dute norbanakoek; betiere, honako baldintzak betetzen badituzte:
- S-ST2, S-D2 edo S-SP2 eremuetakoren batean erroldatuta egotea ibilgailua eta eskatzailea (biak helbide berean).
- Gidabaimena, ibilgailuaren asegurua eta IAT egunean izatea.
- Eskaera egiten den egunean udal administrazioarekin zerga-betebeharrak egunean izatea eta trafiko-zehapenik ordaindu gabe ez izatea.
Eremu horietako merkatariek edota eremu horietan erroldatuta dagoen enpresa-ibilgailu baten ohiko gidari direnek ere txartela eskatu ahal izango dute (ordenantzak xedatutakoaren arabera, betiere). Bertakoen baimena jasoko dute, halaber, gidabaimenik ez duen pertsona baten ibilgailua erabiltzen duten bizilagunek, baldin eta jabearen etxe berean bizi edo haren zaintzailea/tutorea badira.
Behin eskaerak aurkeztuta, udal organo eskudunak gehienez ere hiru hilabeteko epean ebatziko du eskaera. Ebazpen hori eskatzaileari jakinaraziko zaio, eta aldekoa den kasuetan txartela jaso ahalko du. Baimen hori jasotzerakoan, dagokion tasa (37,10 euro) ordaindu beharko du eskatzaileak (ordainketa hori ezingo da eskudirutan egin).
Hurrengo faseak
Udal arduradunen asmoa da bertakoen txartelak eskuratzeko prozesua “ahalik eta arinena” izatea. Horretarako, lehen faseko eskaeren tramiteak aipaturiko epea baino lehen (uztailak 7) amaitzen baldin badira, bigarren fasearen epea aurreratu, eta sektore horretako bizilagunen baimenak tramitatzeari ekingo zaio.
Bigarren fasean Antxo barrutia (S-SA1 sektorea) sartuko da indarrean. Bertako bizilagunek, beranduenez, uztailaren 8tik aurrera ekin ahalko diote bertakoen txartelak eskuratzeko eskaerak aurkezteari, eta araudia indarrean sartuko da eskaera-epea zabaldu eta hilabetera (hots, abuztuaren 8an).
Hirugarren eta azken fasean, berriz, Pasaiako gainontzeko eremuak (San Pedro, Donibane eta Trintxerpe osoa) sartuko dira indarrean. Bertan bizi direnek, beraz, abuztuaren 9tik aurrera eskatu ahalko dituzte txartel bereziak. Ordenantza, aldiz, urriaren 10etik aurrera hasiko da aplikatzen azken eremu horietan.