Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2024/11/26

Aparkalekuaren Ordenantza berria onartu du Pasaiako udalbatzak

Azaroaren 26an

Gaur, azaroak 26, izandako ohiko osoko-bilkuran, Pasaiako udalbatzak Aparkalekuaren Ordenantza berriari onarpen ofiziala eman dio.

Araudian zehazturiko sektore bakoitzerako ezarritako aparkaleku-arauak progresiboki jarriko dira martxan. Zehazki, honakoak dira aurreikusitako epeak:

  • Torreatze (S-SP2 sektorea), Azkuene 42 (S-ST2) eta Donibaneko Alde Zaharra (S-D2) sektoreak: ordenantza indarrean sartu eta hilabetera.
  • Antxo (S-SA1 sektorea): ordenantza indarrean sartu eta hiru hilabetera.
  • San Pedro (S-SP1 sektorea), Donibane (S-SD1 sektorea) eta Trintxerpe (S-ST1 sektorea): ordenantza indarrean sartu eta bost hilabetera.

Txartelak eskuratzeko eskaerak ere modu mailakatuan egin beharko dira, sektore bakoitzeko bizilagunentzako zehaztutako epeetan. Udalak data horien berri emango die eragindako bizilagunei dagokien eskaera-aldia zabalik denean.

Udalak ohartarazi du indarrean dauden bertakoen aparkalekuen erregulazioek indarrean jarraituko dutela sektore bakoitzean aparkatzeko arau berriak martxan jarri arte. Halaber, gogorarazi dute 2025a proba-urtea izango dela, eta, besteak beste, ez dela ordaindu beharko sistemaren mantenuagatik.

Behin araudia indarrean sartuta, 37 euro ordaindu beharko dute bertakoen txartela eskuratzeko eskaera egiten dutenek jaulkitze-kostuagatik; alegia, soilik behin, txartela eskuratzeko momentuan. Mantenu-tasa 2026tik aurrera ordaindu beharko dute txarteldunek, eta kopuru hori zenbatekoa izango den sistema osoaren inbertsioaren arabera kalkulatuko da.

Behin gaur plenoak onartuta, ordenantzaren testua Gipuzkoako Aldizkari Ofizialera (GAO) bidaliko da, bertan behin-behineko onarpenaren iragarkia publikatzeko. Publikazio hori egiten denetik, 30 lanegun igaro beharko dira ordenantzari behin betiko onarpena eman ahal izan arte. Epealdi horretan alegaziorik ez balego, behin betiko testua GAOn publikatu eta eta hurrengo egunean sartuko da indarrean araudia.