Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2025/03/14

Pasaiako Udalak oso positiboki baloratu du Antxoko zubibidearen eraispenerako proiektuaren kontratazioa lizitaziora atera izana

Sailburuari bilera eskatu dio alkateak urbanizazio berrian bizilagunen iritzia kontuan har dadin eskatzeko

“Pasai Antxoko topoaren zubibidea eraisteko proiektuaren idazketaren kontratazioa lizitaziora atera izana albiste garrantzitsua da gure herriarentzat”, mintzatu da Teo Alberro Pasaiako alkatea. “Garrantzitsua da gogoraraztea neurri hau antxotarren aspaldiko eskaera baten harira datorrela. Mobilizazioak, interpelazio instituzionalak eta 1.400dik gora sinadura ere izan dira aldarrikapen honen atzean, eta pozgarria da ikustea herritarren lanak fruitu eman duela”.

Lizitaziora atera den proiektuak honakoa du helburutzat: “Proiektu bat idaztea oztopo fisiko hori ezabatzeko eta/edo integratzeko, eta gaur egun biaduktuak okupatzen duen espaziorako urbanizazio mota egokiena definitzea”. Baieztapen horren harira, Pasaiako Udal Gobernuak aldarrikatu du espazio horren nolakotasuna definitzeko funtsezkoa dela antxotarren hitza entzutea; are gehiago, kontutan hartuta zubibide azpiko lurrak udal jabetzakoak direla Amaia Agirregabiria alkate ohiak egindako lanari esker. Horregatik, albistea jaso eta berehala, bilera eskatu dio alkateak Mugikortasun Jasangarriaren sailburu Susana Garcia Chuecari.

Alberrok nabarmendu du proiektu honen idazketa martxan jartzeak etorkizuneko Antxon modu integralagoan pentsatzea ahalbidetuko duela, herritarrentzako espazio berriak berreskuratuz. "Sinetsita nago Udalak proiektu honetan parte hartu behar duela; izan ere, herritarrengandik hurbilen dagoen erakundea izanik, horien nahiak eta interesak lehenetsiko baititu", azpimarratu du.

Horrekin bat, Udal Gobernuak Antxo bizigarriago eta jasangarriago baten alde lanean jarraituko duela baietsi du Alberrok: “Zubibidearen eraisketak barrutia bitan banatzen duen oztopo fisikoa ezabatuko du, eta Antxok hain beharrezko dituen espazio zabal berrietarako aukera irekiko du, erdiguneko irisgarritasuna hobetuz eta puntu ilun anitz desagerraraziz”.

Amaitzeko, Alkateak gogorarazi du bere gobernuak konpromiso irmoa duela Antxoren etorkizunari erantzun integrala ematearekin. Eskuartean dituzten proiektuen artean, hiru nabarmendu ditu: Gure Zumardia berrurbanizatzea, Udalak aurrera eramandako parte-hartze prozesuan herritarrekin adostutako irizpideetan oinarrituta; Luzuriaga birmoldatzea, Antxoko zentro soziokultural gisa; eta gaur egun topoaren zubibideak hartzen dituen espazioak berreskuratzea, herritarren gozamenerako.